Denok ezagutzen dugu parranda giroan, bazkalosteetan, sagardotegian... bertsotan hasten den norbait, eta inor ezagutzen ez baduzu, zu zeu zara pertsona hori. Bertsolaritzaren sustapenak ez du etenik Hernanin, eta urteroko legez, Tabernetako Bertsolari Txapelketa jokatuko da bihar, San Sebastian bezperan, Garin tabernan.
Egutegiak kontra pixka bat egiten badu ere (igandea delako, besteak beste), ohiko eguna mantendu dute Paulo Txikiya bertso eskolako kideek. Hori bai, biharamuna gogorregia izan ez dadin, arratsaldeko 19:00etan hasiko da saioa.
Momentuz, 12 bertsolarik eman dute izena aurtengo txapelketan: Oxan, Otxoto, Mingo, Notayo, Xabat Pagola, Intza Pagola, Harri, Ekain, Iñigo, Joseba, Ahetze eta Oibar. Zalantzan daudenek ere parte hartzeko aukera izango dute, bihar bertan bertso eskolako kideekin hitz eginda.
Bertso Eskola: «Zeharlerroen zeharlerrotasunari eman diogu garrantzia aurtengo txapelketa prestatzeko»
Koplan, puntu erantzunetan edota zortziko txikian jardun beharko dute biharko protagonistek. Bertso eskolatik nabarmendu dute berezia izango dela aurtengoa, zeharlerroek berebiziko pisua izango dutelako gaien lanketan. «Etengabeko sustapenean oinarritzen da gure jarduna, txapelketan ere lurraldetasuna edo auzotasuna landu nahi izan dugu, ertzak ere kontuan hartuta».
Presio puntu bat ere nabaritu dute aurtengo txapelketaren harira, jendea bertso gosez dagoela eta: «Herriak nabaritu du badatorrela Tabernetako Txapelketa, eta prestaketa lanetan buru belarri aritu garenok sumatu dugu presio hori. Dena prest daukagu jada, eta egunean bertan bertsolariek bere egin beharko dituzte gaiak, bertsozaleen olatuaren laguntzarekin».
Bertso Eskolatik herritar guztiei egin diete Garinera bertaratzeko gonbidapena: «Aurtengoa mugarri bat izango da».
Iñaki Otxotorena: «Txapela nahi duenak gogotik egin beharko du bertsotan»
Iazko txapelketaren ahozapore gozoak oraindik irauten dio Iñaki Otxotorena txapeldunari. Kronikaren galderari (aurtengoan zer?) irripar txiki batekin erantzun dio: «Gaiei ertzak topatzea izango da gakoa aurten ere. Hilabeteak daramatzat gogor entrenatzen, eta irabazi nahi duenak gogotik egin beharko du bertsotan... Txapela irabazi nuenetik erria onak ateratzen zaizkit hirutik bitan».