Antziolako erreka berreskuratu dute, naturan oinarritutako teknikak erabilita

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 14a, 00:00

Errekaren leheneratzeko lanak Lorearte finkatik Antziola auzoraino gauzatu dira.

 

Hernaniko Antziola errekastoaren leheneratze hidromorfologikoa eta ingurumenekoa egin du Hernaniko Udalak, bioingeniaritzako teknikak erabiliz. Erreka berreskuratzeko asmotan, baliabide naturaletan oinarritutako teknikak lehenetsi dituzte proiektu honetan.

Hernaniko Udalak aurrera eramandako proiektua izan da, Naturklimaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin batera. 

Naturan oinarritutako 
teknikak erabiliz berritu da

Iñaki Zulaika Hernaniko Udaleko Hirigintza saileko arkitekto teknikariak azaldu duenez, Udalak hasiera batean errekaren leheneratzea egiten zuen proiektuak ez zuen zerikusirik azkenean adostu dutenarekin. Hasierako ideia ohiko ingeniaritza tekniketan oinarrituta baitzegoen: makinak sartu, ibilgua garbitu, harri-lubetak egin, eta bestelako zenbait ekintza. Udaleko teknikariak ordea, obra hori «garestia» eta ingurumen ikuspegitik «guztiz egokia» ez zela argudiatuta, Udalak proiektua lizitatzea erabaki zuen. Hortik sortu zen bioingeniaritzako teknikak lehenesteko proposamena eta Mercedes Valenzuela Garciak bioingeniaritzan adituak egindako proiektua aukeratu zuten. Valenzuelak naturan oinarritutako teknikak proposatzen zituen erreka berreskuratzeko lanetan: landareak erabiliz, intsusak, haltzak eta beste zenbait zuhaitz landatuz.

Bi fasetan gauzatu da 
diru laguntzengatik

Valenzuelak proiektua osatuta, Udalak Enherkomekin partekatu zuen. Hernaniko Energia Kooperatibak bazuen horrelako beste proiektu bat eskuartean, Etxeberri auzorako. «Bi proiektuak hartu eta bilera eskatu genien aldundiko ingurumen sailekoei. Onartu egin zituzten gure bi proposamenak, baina bi fasetan egiten bazen, diru laguntzak ezin zuelako izan 50.000 euro baina handiagokoa», azaldu du udalak.

Bi faseak

Dirua dela eta, bi fasetan banatu da proiektua, batetik, Lorearte finkatik beherako errekastoaren bideratzea egin da, eta bestetik, Antziola auzoan, erreka lur azpian sartzen den tokian desbideratze txiki bat egin da, ura iragazteko modua jarriz eta hodi biltzailera sartzeko moduan egon dadin. Lehenengo zatia Naturklima dundazioak finantzatu du (bertan zenbait enpresa pribatu biltzen dira) eta beheko zatia diputazioko Ingurumen Sailak.

Proiektu honekin, Hernaniko Udalak azaldu du, naturan oinarritutako baliabideak erabilita artifizializatuta edo hondatuta dauden naturguneak lehengoratzea eta modu txukun batean berreskuratzea posible dela, eta hori erakutsi nahi izan dutela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!