Arraun denboraldia ezin hobeto hasi du Hernani Arraun Elkarteak eta Hernaniko arraunlariek. Gipuzkoako Batel Ligako lehenengo jardunaldia jokatu zen larunbatean Oiartzun ibaian, Errenterian, eta bertan Hernaniko promesa (garai bateko kadete maila) neskek garaipena eskuratu zuten. Hernani A batela izan zen garailea 6 minutu eta 15 segundoko denborarekin eta lehenengo liderra da Ligan. Zumaia A izan zen bigarren bi segundora eta San Juan A, hirugarren, sei segundora. Guztira hamabost batelek hartu zuten parte promesa nesketan eta Hernani B ontzia hamargarren sailkatu zen, beraien taldekideengandik minutu erdira.
Hernanik guztira hiru batel uretaratu zituen, nahiz eta arraunlari gehiago izan. Infantilak eta seniorrak ez zuten arraunik egin. Jubeniletan, hirugarren amaitu zuen Hernanik, San Juan A eta Hibaika A ontzien atzetik. Sanjuandarrek (8:11) bederatzi segundoko aldea atera zioten Hernaniri (8:20) eta segundo bat gutxiago Hibaikari (8:19). Guztira bederatzi batelek hartu zuten parte jubenil nesketan.
Bidasoako uretan aulki mugikorra
Bestetik, Bidasoako uretan Gipuzkoako Distantzia Luzeko Txapelketa jokatu ze aulki mugikorrean. Hernanik, talde bezala, ez du aulki mugikorra lantzen, baina badaude arraunlari hernaniarrak beste taldeetan. Horietako kasua da Unax Uralderena. Hernaniarra Orio taldeko partaide da eta Gipuzkoako txapeldun izan zen igandean Orio Arraun Elkartearen eskutik jokatu zuen txapelketan. 6000 metroko proba izan zen, Bidason.
Bere taldekide Jon Barranco, Unax Uranga, Mattin Agirrezabala, Xanet Irazu, Erik Bergner, Hodei Gastiain eta Oihan Manterolarekin batera 17:22,16ko denbora lortu zuten, Arraunlari hernaniarrak dioenez: «Ander Zabala iritsi denetik intentsitate haundiagoa nabaritu dugu entrenatzeko orduan, eta hazten lagundu digu». Hurrengo helburua Euskadiko txapelketa izango da.