Garazi Etxeberriak irabazi zuen Hernani Saria Iker Gorostegi eta Miren Sarobe taldekideen aurretik

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 14a, 00:00

Buruntzaldea taldea izan zen nagusi eta podiumeko hiru postuetara igotzea lortu zuten. Hernaniko Uxue Santxo Guerrerok hirugarren postua lortu zuen 100 metro estilo bular proban.

Buruntzaldeako Garazi Etxeberria izan zen, pasa den larunbatean, Hernani Sariko irabazlea. Igerilekua jendez lepo bete zen saria ikusteko eta 190 igerilari inguru bildu zituen txapelketak. Bederatzi talde zeuden ordezkatuak eta protagonista nagusiak Bruntzaldeako igerilariak izan ziren. Sariko podium osoa Lasarte-Oria, Andoain eta Usurbil biltzen dituen taldeko ordezkariek osatu zuten. Garazi Etxeberriaren atzetik sailkatu ziren Iker Gorostegi eta Miren Sarobe. 

Txapelketako garailea FINA Taularen arabera erabaki zen. Igerilari bakoitzak bi probetan hartu behar zuen parte, 200 metro estiloak amaieran eta aurretik 100 metrokoren bat. Gainera pasa den urtetik gizonezkoen eta emakumezkoen sailkapena bateratu egiten da. Podiumera bi emakumezko eta gizonezko bat igo ziren.

Garazi Etxeberria 100 metro tximeleta estiloan aritu zen, Iker Gorostegi bigarren sailkatuarekin batera. Miren Sarobek 100 metro bizkar estiloak aukeratu zituen. 

Hirurak 200 estiloetan elkartu ziren eta hortxe erabaki zen irabazlea. Puntu batuketan Etxeberriak lortu zituen puntu gehien.

Aipagarria izan zen hernaniarren partehartzea. Hernani Kirol Elkarteko 23 igerilarik hartu zuten parte eta gainera, beste taldeetan ere baziren hernaniarrak. Guztiak ere markak hobetu edo hobetzetik gertu izan ziren. 

Aipagarria izan zen Uxue Santxo Guerrerok lortutako hirugarren postua 100 metro bular estiloan. Infantil mailan igo zen podiumera proba horretan. Sailkapen nagusiaz gain, proba bakoitzean dominak banatu ziren mailaz maila.  Talde ezberdinak gustora amaitu zuten probarekin.

Luis Goñik garaipena, Eibarren

Eibarren ere txapelketa antolatu zen, baina kasu honetan Gipuzkoako Master Txapelketa. Bertan, Luis Goñik 400 metro estilo librean garaipena lortu zuen eta marka esanguratsua lortu zuen 50-54 urtekoen mailan. 4:31ko denbora bikaina egin zuen adin tarte horretarako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!