Uni Bilbaoren aurka garaipena lortu zuen Hernanik, eta igoera fasera sailkatzeko aukerak mantendu ditu

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 14a, 00:00

Zigor kolpeen bidez lortutako puntuak erabakigarriak izan ziren igandeko partiduan.

Partidu berdindua eta lehiatua izan zen, eta defentsan egindako lan onagatik irabazi zuen Hernanik. Igande honetan partidu erabakigarria jokatuko dute Landaren, 13:00etan, Belenosen aurka.

Behar beharrezko garaipena lortu zuen Hernanik igandean. Uni Bilbaoren etxean irabazi zuten trikoloreek, eta igoera fasera sailkatzeko aukerak mantendu dituzte. 

Lehenengo minutuetan oso ondo jokatu zuen Hernanik, aurretik jartzea lortu zuten hiru zigor kolpe eta entsaio bat eskuratuta. Bigarren zatian bilbotarren erreakzioa iritsi zen, eta asko zaildu zizkioten lanak Hernaniko defentsari. Hala ere, ondo eutsi zuten trikoloreek, eta azken hamar minutuetan lortutako entsaio batek lasaitasuna eman zioten taldeari. Azkenean, 23-29 amaitu zen norgehiagoka. 

Jon Ander Zapiain kapitainak oso positiboki baloratu du Bilbon lortutako garaipena: «Partidua irabazita bizirik jarraitzea lortu dugu. Galdu ezkero aukerarik gabe geratuko ginen, eta ezinbestekoa zen garaipena lortzea. Aurreko urteetan galdu egin dugu Bilbon, bagenekien partidu zaila izango zela, baina erakutsi genuen gure indargunea dela defentsa. Hankarekin ere ondo jokatu genuen, gure zelaitik erraz atera eta eurenean miña egitea lortu genuen askotan». 

Hala ere, azken minutuetan pixka bat sufritzea tokatu zitzaiela nabarmendu du kapitainak: «Azken minutuak gogorrak izan ziren, tentsio haundiko partidua izan zen azkenean». 

Lehenengo faseko azken bi partiduak geratzen zaizkio Hernaniri. Asteburu honetan Landaren jokatuko du Pasek Belenos liderraren aurka, eta aukerak mantentzeko bost puntu lortu beharko ditu. «Badakigu zaila izango dela, baina motibatuta gaude oraindik aukera daukagulako», gehitu du Zapiainek. 

Azken txanpa honetan ezinbestekoa izango da zaleen bultzada. Hortaz, igande honetan 13:00etan Landarera bertaratzeko deia egin dute klubetik. 

Euskal Ligako seniorrek ezin izan zuten Getxoren aurka

Hernaniko bigarren taldeak Getxoren aurka jokatu zuen larunbatean, eta porrotarekin itzuli ziren etxera. Bizkaitarrak erraz nagusitu ziren, eta ez zioten Hernaniri partiduan sartzeko aukerarik utzi. 41-5 amaitu zen partidua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!