Jabalera mendean hartuta, Azpirozek jokatuko du Masterseko ligaxka

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 13a, 00:00

Uitziko atzelariak garbi utzi zuen txapelketa lehiatzeko moduko sasoiarekin hasi duela urtea.

Larunbat arratsaldean hasi zen urteko lehenengo erremonte txapelketa. Masterseko aurreligaxkan aurrez aurre aritu ziren Azpiroz eta Jabalera, eta Uitziko atzelariak nagusitasunez irabaztea lortu zuen (30-16). Hortaz, Azpirozek lortu du Ansa II.arekin eta Barrenetxea IV.arekin ligaxka jokatzeko txartela. 

Partiduaren lehenengo zatia oso berdindua izan zen. Jabalerak aurrea hartu zuen hasieran, 6-8 aurretik jartzeraino; baina une horretan zazpi puntuko partziala eskuratu zuen Azpirozek, eta erdialdetik aurrera partidutik irten zen Jabalera. 

Asteburu honetan hasiko da Masterseko ligaxka. Lehenengo partiduan Azpirozek eta Ansak jokatuko dute. Sailkapeneko lehenengo bien artean jokatuko dute otsailaren 8ko finala, hortaz, garrantzitsua izango da irabazten ez duenaren tanto kopurua. 

Garaipenarekin estreinatu zen Aiestaran VII

Jaialdi berezia izan zen larunbatekoa. Ia 500 lagun elkartu ziren Galarretan, txapelketaz gozatu eta Paulo Aiestaran hernaniarraren debuta ikusteko. 

Aiestaran VI anaiarekin batera, partidu zirraragarria osatu eta irabaztea lortu zuen debutariak. 2-0 (14-15 eta 9-15) gailendu ziren Gurrutxagaren eta Eskuderoren aurka.

Oso itxura ona eman zuen Aiestaran VII.ak, eta asteburu honetan bertan izango du erakusten jarraitzeko bigarren aukera.

PAULO AIESTARAN: «Ahaztuko ez dudan egun bat da larunbatekoa»

«Dena bikain atera zitzaigun. Hasieratik lasai joan nintzen, tentsio puntu batekin, baina uste baino lasaiago. Berotzen ere sentsazio onak izan nituen, eta giroa ere aldekoa zen. Sekulako giroa sortu zen Galarretan, eta hori bizitzea ere oso polita izan zen niretzat. Partiduan gozatzea zen helbura, eta hori ere lortu nuen.

Lehenengo seta ederra atera zitzaigun, 14-14 berdindu eta tentsio puntu bat sortu zen frontoian. Bigarren seta errazago irabaztea lortu genuen.

Oso gustura nago. Asko eskertzen diet senideei, lagunei eta herriko jendeari emandako bultzada, polita izan zen han ikustea. Ahaztuko ez dudan egun bat da».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!