Kulturaz gozatzeko hamaika aukera izango dira Hernanin urte berriaren lehenengo seihilekoan. Dagoeneko aurkeztu dute egitaraua, eta bihar bertan jarriko dituzte otsailetik ekainera bitarteko jarduera guztietarako sarrerak salgai. Urtarrilekoak dagoeneko erosteko aukera dago Biterin eta kultura.hernani.eus webgunean.
Eskaintza zabala izateaz gain, zenbait berritasun ere txertatu dituzte proposamenean. Antzerkiarekin lotuta dago lehenengoa; izan ere, Antzerki Zikloa kendu dute, baina helduentzat hilabetero antzerki emanaldi bat egongo da. Haurrei zuzendutako lau antzerki saio ere izango dira datozen hilabeteetan.
Musikari dagokionez, artista erakargarriak iritsiko dira Hernanira: urtarrilaren 23an Xabier Zeberiok eskainiko du kontzertua, otsailaren 14an Anariren ete bandaren txanda izango da, eta maiatzaren 23an Ruper Ordorika entzuteko aukera izango da. Herriko musikagileen eskaintza ere kontuan hartu du Kultura Sailak, eta Bittor Carrera Beldaren zein Nerea Goñi Ibañezen gradu bukaerako kontzertuak txertatu ditu egitarauan.
Martxoan eta apirilean izango da Ahoz Aho Jaialdia
Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia martxoko eta apirileko lehenengo egunetan izango da. Ipuin kontaketa ugari izango dira tarte horretan, eta nazioarteko sehaska kanta saio bat ere prestatu dute egun horietarako.
Programazioa udal eraikinetan jaso daiteke
Egitarauko xehetasun eta jarduera guztiak ikusteko liburuxkak udal eraikinetan jaso daitezke; Biterin, Euskeraren Faktorian, Zerbitzu Sozialetan edota Kulturarteko Plaza Feministan, besteak beste. Euskarri digitalak nahiago dituzten herritarrek programazioa deskargatu dezakete https://kultura.hernani.eus/eu/hasiera webgunetik.