Zapotxinek 'Baratxuri zoparen sekretua!' estreinatuko du Biterin

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 11a, 00:00

Otsailaren 1ean estreinatuko da emanaldia.

Otsailaren 1ean bi emanaldi eskainiko ditu, 10:30etan lehenengoa eta 12:00etan bigarrena.

 

Zapotxin pailazoak Baratxuri zoparen sekretua! emanaldia estreinatuko du Biterin, datorren otsailaren 1ean, Dobera Euskara Elkartearen eskutik. Bi emanaldi eskainiko ditu egun horretan; lehenengoa goizeko 10:30etan, eta bigarrena eguerdiko 12:00etan hasita. 

10:30etako saiorako sarrerak https://labur.eus/9fuFe esteka bidez erosi daitezke eta 12:00etako saiorako sarrerak https://labur.eus/iABh1

Zapotxinek urduri daramatza azken egunok, izan ere, Mariplanplona sorgina ezagutuko duela dio etengabe. Gaurkoan ezagutuko du Maripanpalona, gure herriko sorgin trebe eta lagun ona! Ez dute ordea edabe magikorik egingo, ezta erratz gainean hegan egingo... ezta zapoekin zapohizketan egingo. Maripanpalonak Zapotxinen bihotza sorginduko du, ordea.

Zapotxinen bidaiarekin sorginen gainean dugun iruditegia berreraikitzea dute helburu. Baratxuri zopa lapiko bete baten bueltan arituko da protagonista eta zenbait herritar ezagutuko ditu.

Maripanpalona, sorgin trebe eta lagun ona; Kroketa koketa, sukaldari ospetsu eta baserritarra; Xerafino Bonbardino, orkestra zuzendari eta rockanrolero itsua eta Amona Badalona, Kataluinatik etorritako amona maitagarria, goizero euskaltegira bisita egiten duena.

Guztien laguntzaz, Zapotxinek ezagutuko du, sorgin izatea ez dela betiko ipuinek kontatzen dutena eta gure herrian badirela zenbait: amona, ama, alaba... eta gu haien eskutik helduta, sorginak izatera goaz!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!