Elur Txorik kaldereroak berreskuratuko ditu otsailaren 8an

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 11a, 00:00

Herritarren partehartzea ezinbestekoa dela herriko ekintzak aurrera eramateko adierazi dute elkartetik. 

 

Pasa den urtean Hernanin ez zen kaldererorik antolatu urte asko eta gero, baina aurten Elur Txori elkarteak berreskuratuko du herritarren gozamenerako. Elkartetik diotenez, «2025eko kaldereroak badatoz, eta herritarrekin partekatu nahi ditugu. Herriaren partehartzea ezinbestekoa da herriko ekintzak aurrera eramateko». 

Beraz, otsailaren 8an elkartuko dira Gudarien plazan Hungariako ijitoak balira bezala. Aurten gainera berrikuntzekin datoz kaldereroak. 

 

Formatu berriko ekintzak, herrira gerturatzeko

Elur Txori elkarteak kaldereroak berreskuratuko ditu aurten berrikuntzekin. Argi dute elkartean aldatu beharra zegoela, «herrira gerturatu nahi dugu. Horretarako formatu berri batekin gatoz». 

Arratsaldeko 17:30etan kalejira antolatu dute herrian barrena, txarangak eta zartai hotsak alaiturik. 19:00etan, txokolatada goxo bat eskainiko dute haurrentzako Gudarien enparantzan. 

20:30etan Elur Txorin afari girotua eskainiko dute animatzen den orori. Menua 20 euro izango da eta izenemateko azken eguna urtarrilaren 31 izango da. Ondoren nahi duenak festa jarraitzeko aukera izango du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!