Urte berri on, lehenik eta behin. Eta desio horren bi hitz -berri on-aintzat hartuz, ekintza batzuk txalotu eta eskertzeko unea da.
Eguberrietan, herriko errugbi taldearekin batera, Hernaniko Arraun Elkarteak, denda zabaldu zuen kaxkoan. Bertan hamaika produktu egon ziren salgai. Milesker dendako jabeei, eta Landareko taldeari, elkarlana bultzatuz denda partekatzeagatik.
Milesker, nola ez, txanda ezberdinetan dendan aritu diren gure elkarteko arraunlarien gurasoei; erronka ez zen samurra, eta bikain aritu zarete. Boluntariotza kili-kolo dabilen bolada honetan, apustu handia egin zenuten, eta baita aurrera atera ere. Bejondeizuela!
Milesker dendara hurbildu zareten herritarrei, hau da, arrauna Hernanin are sozializatzea lagundu duzuenoi. Izan ere, nahiz eta bat baino gehiagok arrauna udako kontua dela pentsatu, ia urte guztikoa da. Ia etenik ez duen kirola da.
Adibidez, gaur, Hernaniko Arraun Elkarteko arraunlariek Batel Ligari ekingo diote Errenterian; batela, lau arraunlari eta lemazain batek osaturiko ontzia da.
Jarrai dezagun, modu batean edo bestean, elkarrekin arraunean.
Jon Odriozola Amigorena
Hernani Arraun Elkartea