Juan Kalvedilloren ilustrazioak ikusgai, «Palestinako genozidioa normaltzea saihesteko»

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 11a, 00:00

Potemkin Zinema taldeak antolatuta, 'Pazlestina' erakusketa inauguratu zuten atzo Biterin, marrazkilari kadiztarraren ilustrazioekin. Urtarrilaren 18ra arte egongo da ikusgai arratsaldez, eta proiekzioak eta hitzaldiak ere izango dira datorren astean.

 

Atzo iluntzean inauguratu zuten, Biteri kultur etxean, 'Pazlestina' erakusketa. Potemkin Zinema taldeak antolatu du, Juan Kalvedillo kadiztarraren ilustrazioekin. Ezin izan zuen inaugurazio ekitaldian egon ilustratzaileak azkenean, eguraldiak bertan be­hera utzi zuelako bere hegaldia. Urtarrilaren 18ra arte egongo da erakusketa ikusgai, arratsaldeko 18:00etatik 21:00etara, helburu jakin batekin: «Hernaniko herriari erakustea 1948tik gaur arte Palestinak bizi duen errealitate gordina, eta saihestea gizarte gisa genozidio hori normaltzea gure eguneroko bizitzetan».

Hala azaldu du Potemkin Zinemak, eta ez da asmo horrekin antolatu duen aurreneko ekintza. Izan ere, joan den abuztuan, bi film eskaini zituzten Udako Zinemaldian, «Israel Palestinan eragiten ari den genozidioarekin lotutakoak».

Ikusentzunezkotik ere izango du oraingo hitzorduak, erakusketaz gain hainbat jarduera antolatu baitituzte, datorren asterako. Horrela, bideo-hitzaldiak eskainiko dituzte urtarrilaren 15ean eta 16an, 19:00etan hasita, Biterin. Batetik, 'Zer da sionismoa?' gaia landuko du Nikola Hadwa futbol entrenatzaile profesionalak, asteazkenean. Palestinako selekzioaren hautatzaile izan zen, eta analista geopolitikoa da hainbat hedabidetan: Zaatar TV, TeleSur, Hispan TV, Sputnik...

Ostegunean, berriz, Amira Cheikh Ali izango da hizlari: '1948. urteko Nakba eta Palestinako egungo egoera'. Abokatu palestinarra da, Gizarte Zuzenbidean lizentziatua eta giza eskubideetan espezializatua.

Eta hilaren 18an, azkenik, saio bikoitzarekin borobilduko dute egitaraua, 18:00etan hasita, Milagrosa kaperan. Aurrena, 'The Gray Zone' dokumentala jarriko dute, erakusten duena «nola saltzen duen Israelek Gazako hondamendia». Eta ondoren, hitzaldia eskainiko dute Firas Alcharanik eta Majeb Dibsik: 'Zer gertatu zen urriaren 7an? Horren ondoren, zer ari da gertatzen ekialde hurbilean'. Medikuntzan doktorea da Firas Alcharani siriarra, nazioarteko analista eta Siriaren babeserako mugimenduaren kide-sortzailea. Majeb Dibsi, berriz, Palestina Askatzeko Herri Fronteko (FPLP) Batzorde Nagusiko kidea da, eta Palestinako Komunitate eta Erakundeen Batasuneko lehendakariordea.

 

'Pazlestina' liburua, abiapuntu

'Pazlestina' izeneko liburutik hartu zuten erakusketarako ideia. Viejo Topo aldizkariak argitaratu zuen 2009an, Kalvellidoren ilustrazioekin, eta idazle, intelektual edota giza eskubideen aldeko aktibisten testuekin. Liburu horretako ilustrazioak eta Kalvedillok ordutik egindako marrazkiak daude ikusgai erakusketan. «Bere lan artistikoaren ondoan, Palestinaren es­ku­bideak defendatzeko konpromisoa dago, zalantzarik gabe», adierazi du Potemkin Zinemak: «Salaketa liburua da 'Pazlestina', bakea eskatzen duena, eta biltzen dituena haserrea, amorrua, mina, maitasuna eta xamurtasuna».

 

PAZLESTINA ERAKUSKETAKO JARDUERAK:

BITERI KULTUR ETXEA

URTARRILAK 15, 19:00

Bideo hitzaldia
Zer da sionismoa?

Nicola Hadwa: Futbol entrenatzaile profesionala. Palestinako futbol selekzioko entrenatzaile ohia. Hainbat agentziatako analista geopolitikoa: TeleSur, Hispan TV, Sputnik, besteak beste. Zaatar TVren analisi geopolitikoko programaren gidaria.

URTARRILAK 16, 19:00

Bideo hitzaldia
1948. urteko Nakba eta
Palestinako gaur egungo egoera.

Amira Cheikh Ali: Gizarte Zuzenbidean lizentziatua genero ikuspegitik, Giza Eskubideetan espezializatutako abokatu palestinarra, militante ezkertiarra.

MILAGROSA

URTARRILAK 18, 18:00

Dokumentala
The Gray Zone: Nola saltzen duen Israelek Gazako hondamendia.

Hitzaldia
Zer gertatu zen urriaren 7an? Horren ondoren, zer ari da gertatzen ekialde hurbilean?

Firas Alcharani: Siriarra, medikuntzan doktorea, nazioarteko analista eta Siriaren babeserako mugimenduaren kide- sortzailea. Erresistentziaren ardatzaren koordinatzailea estatu espainiarrean.

Majed Dibsi: Palestina Askatzeko Herri Fronteko (FPLP) Batzorde Nagusiko kidea, Estatu Espainolean ordezkari nagusia, eta Palestinako Komunitate eta Erakundeen Batasuneko lehendakariordea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!