Masters Txapelketaren aurreligaxka eta Aiestaran VII.aren debuta gaur, Galarretako urteko lehenengo jaialdian

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 11a, 00:00

Arratsaldeko 16:30etan hasiko da jaialdia, eta giro ederra espero da Galarretan. Azpirozek eta Jabalerak jokatuko dute Masters Txapelketako partidua, eta irabazten duenak lortuko du ligaxka jokatzeko txartela. 

 

Binakako Txapelketako finalen arrakastaren ondoren, gaur itzuliko dira erremontariak Galarretara. Buruz Buruko Masters Txapelketari ekingo diote arratsaldeko jaialdian, eta beste bi partidu interesgarrirekin osatu dute kartela. Arratsaldeko 16:30etan hasiko da jaialdia.

Txapelketako aurreligaxkako partidua Azpirozek eta Jabalerak jokatuko dute. Izan ere, Urrizak uko egin dio txapelketa jokatzeari, lesioak saihesteko; eta Juanenea aitatasun bajan dago. 

Binakako Txapelketan fin aritu dira Azpiroz eta Jabalera, baina buruz buru jokatzea beste kontu bat da. 30 tantu egiten dituenak lortuko du ligaxka jokatzeko txartela; hortaz, kale edo baleko norgehiagoka izango da. 

Sasoiari eta jokoari erreparatuz, Azpiroz da gaurko partidua irabazteko faborito argia. Uitziko atzelariak momentu bikainean hasi du urtea, Binakakoan txapela jantzi berritan. Hala ere, Jabalerak ere maila ona erakutsi izan du banakako partiduetan, eta gauzak zailtzera irtengo da kantxara. 

Aurrera egitea lortzen duen erremontariak Ansa II.aren eta Barrenetxea IV.aren aurka neurtu beharko ditu indarrak ligaxkan. Denek denen aurka jokatuko dute fase horretan, eta puntuazio sistemaren arabera lehenengo bi postuetan geratzen direnen artean jokatuko dute final haundia.

Ligaxkako jaialdiak urtarrilaren 18an (16:30), urtarrilaren 25ean (16:30) eta otsailaren 1ean (15:15) izango dira. Finala, berriz, otsailaren 8an jokatuko dute.

Aiestaranen debuta, 
lehenengo partiduan

Txapelketako partiduaz gain, gaurko lehenengo norgehiagokak ere erakarriko du jendea frontoira, beste hernaniar gazte baten debuta ikusteko aukera izango baita. Paulo Aiestaran 'Aiestaran VII' izango da protagonista. Aiestaran VI anaiarekin batera jokatuko du estreinako partidua, Gurrutxagaren eta Eskuderoren aurka. Arratsaldeko hirugarren partiduan, berriz, Ansa II eta Larrañaga Aldaberen eta Barrenetxea IV.aren kontra arituko dira. Partidu honek ere xarma berezia izango du, jakinda datorren astean hasiko dutela Masters Txapelketako ligaxka Ansak eta Barrenetxeak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!