Hil ala biziko hiru partidurekin hasiko du urte berria Hernanik, igoera fasera sailkatzeko

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 11a, 00:00

Uni Bilbaoren zelaian jokatuko dute trikoloreek bihar, eguerdiko 12:00etan; eta irabazi beharra daukate, hurrengo bi partiduetan bezalaxe: Pasek Belenos liderraren kontra Landaren, eta Gaztediren kontra Gasteizen.

 

Aurreneko hiru postuen artean hasi du urte berria Hernanik, Ohorezko B Mailan, A multzoan. Igoera fasea jokatzeko eskubidea ematen duten postuetan, alegia. Hortaz, bere esku dauka Ohorezko Mailara bueltatzeko borrokan jarraitzea, baina bidea ez da batere xamurra izango.

2024ko azkena galdu zuen Gernikaren zelaian, oso lehia parekatuan; eta horrek ataka estuan jarri ditu trikoloreak: hil ala biziko hiru partidurekin hasiko dute urte berria. Izan ere, ziurrenik fase honetako azkeneko hiru partiduak irabazi beharko dituzte, igoera fasera sailkatzeko, oso gertu baitauzkate atzekoak.

Bereziki garrantzitsua da bihar jokatuko dutena, Bilbon, Errekaldeko kiroldegian. Uni Bilbaoren kontra ariko dira, eguerdiko 12:00etan; eta hain juxtu, gertu dagoen talde horietako bat da bilbotarra: 30 puntu dauzka Hernanik, eta 25 Uni Bilbaok. Biharkoa irabazita, trikoloreek jokoz kanpo utziko lituzkete kontrarioak, bi jardunaldiren faltan. Bestela, ia parean izango lituzkete sailkapenean berriro.

Esan beharrik ez dago, oso partidu borrokatua izango dela Errekaldekoa. Bolada txarrarekin bukatu zuten urtea bilbotarrek, azkeneko hiru partiduak galduta, Getxoren, Gernikaren eta Gipuzkoa Sortzenen kontra. Ligako aurreneko bost partiduak irabazi zituen, baina guztiak aurkari apalagoen kontra; eta ez da irabazteko gai izan, igoerarako kontrario zuzenak aurrean izan dituenean.

Bilbokoa izango du aurreneko koxka Hernanik, igoera fasera sailkatzeko; baina talde bilbotarra jokoz kanpo utzita ere, beste biak irabazi beharko lituzke. Izan ere, 28 punturekin dago Getxo, eta litekeena da talde hori-beltzak bere hiru partiduak irabaztea, ez baititu kontrario gogorrenak izango: Gijón, Cormorán eta La Única. 

Hori horrela, gauza bera egitera behartuta dago Hernani, igoera fasea jokatzea ziurtatzeko. Eta ez dauka lan erraza: Pasek Belenos liderraren bisita jasoko du datorren asteburuan, Landaren. Talde asturiarra oso indartsu ari da aurten: jokatutako zortzi partiduetan lortu du garaipena, eta seitan erasoko bonusa ere bai. Pasek Belenosi irabazita, Gasteizen izango luke zita erabakigarria Hernanik: Gaztediren kontra, bi aste barru.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!