«Argazki asko errebelatzen ziren garaietan, askotan aritu naiz lanean gaueko ordubata arte»

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 11a, 00:00

Erretiroa hartu berri du Joxan Torres Lópezek, Hernaniko Foto Torres dendako arduradunak, mende erdia argazkilaritzan erabat murgilduta eman ondoren. 1992tik gaur arte errebelatu ditu herritarren milaka argazki, goizez, arratsaldez... eta baita gauez ere, data seinalatuetan.

 

Osteguna da, eta Rioja tabernan gosaldu du Joxan Torres Lópezek, goizero-goizero bezala; eta eutsiko dio ohitura horri, oso gustuko baititu egunaren hasierako solasaldi horiek tabernan. Baina bertatik ez du Foto Torres dendarako bidea hartuko, 32 urtez egin duen bezala. Erretiroa hartu berritan, Kronikarekin elkartu da gaurkoan, bere ibilbide profesionalari errepasoa egiteko. Bihartik aurrera, berriz, aprobetxatuko du paseatzeko, familiarekin eta lagunekin egoteko... «Presarik gabe ibiltzea zer den jakiteko», azken batean. 

 Abenduaren 26an itxi zenuen dendako atea azkenekoz. 
Zer sentitu zenuen?

Oso mentalizatuta nengoen, eta ez dut pena haundirik sentitu. Nire bizitzako fase bat izan da, eta hemen bukatu da. Sano eta ondo iritsi naiz hona, eta ilusioa daukat lokala hartuko duenari laguntzeko, lokalak aurrera jarraitu dezan, hizkuntza akademia gisa. Era berean, lasaitasun haundia sentitu nuen. Gabonak pasa eta ez izatea buruan hau eskatu eta hura egin behar izatea... Aurrerantzean, aprobetxatuko dut ibiltzera joateko eta familiari arreta egiteko, orain arte ezin izan dudana, dendako ordutegiagatik. Alabak, bilobak, egoera zailean dauden lagunak...

 Dedikazio haundia eskatu dizu dendak, ezta?

Dedikazio haundia, bai. Goizez eta arratsaldez irekitzen nuen astegunetan, eta bestelako lanekin aritu naiz larunbat eta igandeetan ere: argazki eta bideo erreportajeak. Negatiboaren garaian, gainera, lana pilatzen zitzaidan, eta larunbatetan aprobetxatzen nuen errebelatzeko. Garai zehatzetan, Aste Santuan adibidez, denak etortzen ziren argazkiak errebelatzera, eta askotan geratu naiz gaueko ordubata arte lanean. Jendeak hori ez du ikusi... Igotzen nintzen aita-amaginarreben etxera (dendaren gainean bizi dira), ordu laurden batean bazkaldu edo afaldu, eta lanera buelta.

Jendeak esaten dit aspertu egingo naizela orain. Baina badaukat gogoa probatzeko zer den edonora joatea presarik gabe. Bi adibide aipatuko ditut. Zapatak konpontzeko, besteak beste, behar izan dut emazteak edo norbaitek eramatea zapatariarenera, nik joateko astirik ez nuelako. Eta bestea, urtero Urnietako lagunekin larunbat batez egiten genuen bazkaria: joateari utzi behar izan nion, bestela bazkaria bukatu gabe ordaindu eta alde egin behar izaten nuelako lanera.

 Hiru hamarkada luze egin dituzu Hernanin lanean.

1992ko ekainean ireki nuen denda Gudarien Plazan, orain Kaxko elkartearena den lokalean. Bi urte eman nituen alokairuan, eta ikusita negozioak funtzionatu zezakeela, egungo lokalera mugitu nintzen: Apaolazak etxea egin zuenean, berarekin hitz egin nuen, eta lokala hartu nuen. Beste 30 urte egin ditut bertan lanean.

Noiz eta nolatan hasi zinen 
argazkilaritzan?

Oso gaztea nintzela, 12 urterekin, Donostiako Maturana argazki dendan hasi nintzen lanean. Oso haur mugitua nintzen. Egun batez bizikleta txikituta iritsi nintzen etxera, pareta baten kontra jota, karrera bat egiten. Eta egun hartan, amak aitari esan zion bilatzeko zerbait niretzat. Hain gaztea izanda, lan xuabeago bat bilatu zidan aitak, eta Maturanako nagusiarekin hitz egin zuen. Horrela hasi nintzen. Altua nintzen ordurako, eta nagusiak uste zuen dagoeneko 14 urte neuzkala. Horregatik, esan nionean eskolara joan behar nuela ikastera, zigortu egin ninduen: klaserik ez neukan egunetan, lanera joan beharko nuen. Eta horrela, 14 urterekin fijo hartu ninduen lanean.

Noiz arte aritu zinen bertan?

14-15 bat urte egingo nituen Maturanan. Bertan ikasi nuen ofizioa eta hartu nuen esperientzia. Arlo guztiak kontrolatzen nituen, dendatik laborategira, baina nagusiak esan zidan mostradorean arituko nintzela, asko balio nuelako horretarako. Urgentziazko momentuetan bakarrik jaitsiko nintzela laborategira.

Maturanak ez zituen ezkontzetako erreportajeak egiten, baina bezero askok galdetzen ziguten. Eta oraindik gogoan dut solasaldi hura, 16 urte nituela, bezero bati erantzun nionean baietz, egiten genituela. Etxean dirua behar genuen, eta neure kaxa egin nuen, nire aurreneko ezkontza erreportajea. Don Felix nagusiari (hala deitzen genion) esan nion ezkontzetako erreportajeak egiten hasi nahi nuela, eta esan zidan dendara joaten ez nintzen larunbat bakoitzeko bi laneguneko soldata kenduko zidala. Hala adostu genuen, eta horrela hasi nintzen ezkontzak kubritzen. Gerora, mota guztietako ekitaldiak kubritu ditut: Donostiako Zinemaldia, enpresen ekitaldi pribatuak, festak...

Maturana denda itxi zutenean, Donostiako Ingeniaritza Eskolako argazki laborategiko arduradun hartu ninduten. Hiru urte eta erdi egin nituen bertan, eta erabaki nuen nire denda propioa jartzea Hernanin. Konfiantza neukan egiten ari nintzen horretan eta nire ezagutzan. Ez da erraza ezagutzen ez duzun herri batean sartzea, dagoeneko argazkilaritza dendak dauzkana, baina aurrera egitea lortu nuen.

Sekulako argazki artxiboa izango duzu...

Bai, baina ezin izan dut dena gorde. Pena haundia ematen dit, baina bota egin behar izan ditut 2.000 CD inguru, toki faltagatik. Gainera, datuen babesaren kontua delikatua da gaur egun, eta nahiago izan dut ez gorde ezkontzetako argazki erreportajeak, haurren argazkiak...

Leku pribilegiatu batetik bizitu duzu Hernaniren eboluzioa. Zertan aldatu da?

Bitxia izan da herriaren eboluzioa. Urnietatik nentorren ni, herri lasaiagoa zena; eta Hernani oso herri bizia iruditu zitzaidan. Izugarri gustatu zitzaidan. Oso giro bixia zegoen Kaxkoan. Baina asko moteldu da, zentzu guztietan.

Hernani bezala, asko aldatu da argazkilaritza ere...

Etengabeko eboluzioa izan du, aldaketa asko, eta horretara egokitu behar izan dugu. Pasa ginen ordubeteko errebelazio kimikotik, momentuko errebelazio ekologikora. Horrekin ez genuen erabiltzen kimikorik, eta sortutako hondakin guztia birziklatzen zen. Aurrenekoa izan nintzen Hernanin teknologia hura jartzen eta kalitatearen Q zigilua lortzen.

Eboluzio horrekin, bezeroen beherakada ere nabaritu du­gu. Garai batean, ezkontzako erreportajea egiteko, jendea argazkilari profesional batekin fidatzen zen; eta orain, dauden baliabideekin, lagun batek egiten die. Gainera, ordenagailuan oso ondo moldatzen den jendea dago, eta erreportaje on bat egiteko gai da, behar duzunerako nahikoa. Izugarri nabaritu dugu hori. Jendeak denbora dauka, eta ondo moldatzen diren argazkilari afizionatuak daude. Intrusismo haundia ere badago, afizionatua izanik askoz ere gutxiago kobratzen duen jendea, zergarik ordaintzen ez duelako. Eta horri gehitu behar zaio, ezkontza eta bataio kopuruak ere behera egin duela.

Digitalizazioarekin ere berdin, errebelazioan beherakada haundia izan da. Lortu dut jendeak ohitura mantentzea argazkiak errebelatzeko, oso modu errazean; baina lehen 36 argazkiko rolloa errebelatzen zuenak, orain bi argazki eskatzen ditu, nahi dituen horiek bakarrik. Logikoa da. Baina tira, honen bi argazki, haren beste bi eta horren lau, ba aurrera egin dut. Hori bai, garai batean hiru izan ginen dendan lanean, eta gerora ni bakarrik geratu nintzen, ez zuelako gehiagorako adina ematen. Edonola ere, funtzionatzen zuen negozio bat utzita hartu dut erretiroa. Ez dago erreleborik, ordea. Azkeneko hilabeteotan, zonaldeko lau edo bost argazkilaritza dendatako arduradunak jubilatu gara, eta lokal horietako batean ere ez dute segi argazkilaritzarekin, hartu dutenek.

Zer esan dizute herritarrek?

Emozionatu egiten naiz... Asteazkenean atera nintzen herrian erosketak egitera, eta txoko guztietan jaso nituen besarkadak eta muxuak. Izugarria izan da. Mezu elektronikoak ere badauzkat, oso hitz politekin. Ez nuen halakorik espero, eta inpresioa egiten dit oraindik.

Egun hauetan asko pentsatu dut dendan lanean aritu zen neska batek, Rosanak (gerora Orion zabaldu zuen bere denda propioa), behin esan zidan horretan: 'Joxan, hau ez da denda bat, ONG bat da'. Eta arrazoi zuen. Txorakeria dirudi, baina dendan mesedeak egin dizkiogu jende askori, NANa berritzeko zita hartzetik hasi eta beste hamaika konturekin. Horixe da Hernani, herri bizia eta gertukoa. Dendan 'itxita erretiroagatik' kartela jarri nuenean, bihotzetik atera zitzaidan gehitzea 'eskerrik asko Hernani'. Ezin dut besterik esan, oso eskertuta nago herriarekin, Berriak elkartearekin, Udalarekin... Eta ez nuke ahaztu nahi nire bi alaben ama den Elirekin, nirekin pazientzia haundia izan duena; eta lankide izan nituen Irmarekin, Rosanarekin eta Fernandorekin. Haien laguntzarik gabe ez ginen iritsiko hainbeste urtez dendan aritzera. Lagunak izan dira, lankideak baino gehiago. Eta berdin gertatu da bezero askorekin, orain lagun ditudanak.

Pena txiki bat ere badaukazu...

Bai, bezeroei ezin euskeraz egin izana. Pena haundia eman dit beti. Ulertu bai, dezente ulertzen dut, eta euskeraz egin didatenean ez dut arazorik izan; baina hitz egiteko orduan ez naiz gai sentitu. Orain, denbora izango dudanez, saiatu nahiko nuke euskera ikasten.

Kamera hartuta segiko duzu?

Tarteka bai. Badaukat gauzatxo batzuk egiteko gogoa, baina oraingoan afizionatu gisa (barrez).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!