Dardarak artxiboan erakusketak emango dio hasiera Kulturarteko Plaza Feministako 2025eko egitarauari. Katalina Belauntzakoaren eta Maritxu Oiartzungoaren kasua azaltzen du erakusketak; 500 urtez isildutako genero eta sexu disidentzien inguruko ibilbidea ezagutzeko aukera izango dugu.
Joana Aurrekoetxeak, Karmele Mitxelenak eta Irene Iruretak aurkeztuko dute lana urtarrilaren 15ean, 18:00etan. Hain justu ere, 1503ko dokumentu judizial batetik abiatuta, album ilustratua eta erakusketa ondu dute hiruren artean. Gai oso interesgarria landuko dute.
Dokumentala eta Venezuelari buruzko solasaldia
Urtarrilaren 24an, arratsaldeko 18:00etan, No estás sola: la lucha contra La Manada dokumentalaren proiektua izango da eta ondoren, solasaldia.
Urtarrilaren 30ean (18:30), Glenna Cabello Venezuelako Bilboko kontsula izango da Kulturarteko Plaza Feministan, Venezuelari buruzko hitzaldia emateko.
Jabetze Eskolan eta haurdunaldi eta erditzeondoko tailerretan izen-emateak
Izen-emateen hilabetea ere izango da hau Kulturarteko Plaza Feministan: astelehenetik hilaren 24ra Emakumeentzako Jabetze Eskolako udaberriko ikastaroetan izena emateko epea izango da.
Egun berean hasi eta hilaren 31ra arte, bestetik, haurdunaldia eta erditzeondoa bizi eta partekatzeko tailerrean izen-ematea izango da.