Emakumeentzako Hernaniko Jabetze Eskolak, otsailetik ekainera, 12 ikastaro eskainiko ditu. Horietan izena emateko epea datorren astelehenean, urtarrilak 13, hasiko da. Filosofia, literatura, nekazaritza, dantza, kirola... denetariko eskaintza izango da.
Hauek izango dira zehazki eskainiko diren ikastaroak: Filosofo feministak arrazaren bidegurutzean; Lur gainean itzal azpian daudenen garrantzia, emakume nekazariak argitara; Mugak hausten dituen poesia xuxurlatua: feminista eta antiarrazista; irrintzi tailerra; batukada feminista; munduko emakumeen literatura; twerk ikastaroa; gorputzak dantzan -adinekoei zuzendua-; mendi orientazioa; abentura gaitezen elkarrekin; tratu ona erotizatuz eta, zeure barrura begiratu eta hartu arnasa.
Euskeraz izango dira ikastaro horietako zazpi (bat zuzeneko itzulpenarekin), bat elebitan eta lau, gazteleraz.
Urteurrenerako ospakizun berezia ekainaren 6an
Hernaniko Jabetze Eskolak 20garren urteurrena beteko du ikasturte honetan. Hori dela eta, ospakizun berezia antolatu dute ekainaren 6rako. «Hausnarketarako eta formakuntzarako topagune gisa» sortu zen Jabetze Eskola, «emakumeen ahalduntze prozesuan eragiteko».
Jabetze Eskoletan parte hartu duten emakumeen topalekua izateaz gain, urteurren borobila ospatzeko aitzakia ere izango da egun hori.
Izena eman daiteke on-line edo aurrez aurre eta zaintza zerbitzua izango da
Jabetze Eskolako ikastaroetan izenematea on-line (www.hernani.eus) edo aurrez aurre, Kulturarteko Plaza Feministan bertan egin ahal izango da, urtarrilaren 13tik 24ra.
Haurren zaintza zerbitzua izango da Jabetze Eskoletan. Izena ematerakoan egin beharko da eskaera.
Informazio gehiagorako Kulturarteko Plaza Feministan (Florida, 28), telefono bidez 943 33 70 17 zenbakian edota email bidez kulturartekoplazafeminista@hernani.eus helbidean lortu daiteke.