Larunbatean hasiko da Kutxabank Masters txapelketa, Galarretan

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 8a, 00:00

Reale Arenan aurkeztu zuten txapelketa, atzo goizean.

Lau erremontariren artean jokatuko dute txapelketa. Larunbatean Azpiroz eta Jabalera arituko dira, aurreligaxkan.

Atzo goizean aurkeztu zuten Donostiako Reale Arenan Kutxabank Masters txapelketa. Urteko lehenengo erronka izango da lau erremontarirentzat, iazko Buruz Burukoan eskuratutako emaitza onaren ordain gisa.

Izan ere, Buruz Burukoan postu onena lortu zuten erremontariek jokatzen dute Mastersa. Aurtengoan ondorengo lau erremontarien artean jokatuko dute txapelketa: Barrenetxea IV, Ansa II, Azpiroz eta Jabalera. Hiru fase izango ditu Mastersak; aurreligaxka, ligaxka eta finala. Partidu guztiak Galarretan izango dira, eta 30 tantora jokatuko dituzte.

Larunbatekoa kale edo baleko partidua izango da Azpirozentzat eta Jabalerarentzat. Garaipena eskuratzen duen erremontariak egingo du aurrera, eta ligaxka jokatzeko txartel preziatua eskuratuko du. Biak datoz Binakako Txapelketako finaletako bat jokatzetik; Azpirozek garaipena lortu zuen maila nagusian, eta Jabalerak galdu egin zuen bigarren mailan. Jaialdia arratsaldeko 16:30etan hasiko da.

Ansa eta Barrenetxea zain daude ligaxkan

Partidua irabazten duenak Ansa II.aren eta Barrenetxea IV.arenaren multzora egingo du salto. Hiru jaialdi izango ditu ligaxkak, denek denen aurka jokatuko dute, eta aurreneko bi postuetan geratzen direnek egingo dute aurrera. Puntuaketa sistema ondorengoa izango da: 30 tantu (4 puntu), 29tik 27 tantura (2 puntu), 26tik 24 tantura (Puntu 1), 23tik 17 tantura (0 puntu), 16 edo gutxiago (-1 puntu).

Hiru jaialdietako egunak zehaztuta daude dagoeneko; urtarrilaren 18an eta 25ean 16:30etan izango dira, eta 15:15etan hasiko da otsailaren 1ekoa.

Final haundia, otsailaren 8an

Hilabete baino gutxiago iraungo du Kutxabank Masters Txapelketa honek. Final haundia otsailaren 8an jokatuko da, ligaxkako lehenengo eta bigarren sailkatuen artean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!