'Blog ta web, irabazi arte!' edo 'Bir, bir, bir, birkonexioa!' bezalako leloak entzun ahal izan ziren hilaren 5ean Hernaniko Kaxkoan. Harridura sortu zuen herrian manifestazio xelebreak, baina gehienek azkar sumatu zuten gehiago zuela festatik, protestatik baino.
Paulo Txikiya bertso eskolako kideak izan ziren manifestazioaren antolatzaileak, Bertso Latako kale antzerkiaren baitan. Larunbatean amaitu zen Bertso Lata, eta azken jardueran ere ikusle ugari bildu zituzten Plaza Berrin bertsolari-antzezleek. Hernani internetik gabe esnatu zela eta, ikerketa prozesu bat irudikatu zuten bertsoen bidez, eta antzezlanaren parte izan ziren teknikariak, merkatariak, udaltzainak eta udal ordezkariak, besteak beste.
20 urteko etenaldiaren ondoren, Bertso Latako antzerkia berreskuratzeko hautua egin zuten, eta oso harrera ona izan zuen.
Saio ederrak joan ziren Xalapartan eta Biterin
Kaleko jardueretan ez ezik, areto zein elkarteetan ere jende ugari animatu da bertsoaz gozatzera. Inuxenteen egunean, abenduaren 28an, ia 100 lagun elkartu ziren Xalaparta elkarteko afarian, eta giroaren neurriko saioa osatu zuten Amets Arzallusek eta Sustrai Colinak. Urtarrilaren 4an, berriz, ederki itxuratu zen Biteriko areto nagusia bertso jaialdia egiteko. Saioan zehar ez zen umorerik faltatu, eta herriko zenbait konturi buruz ere abestu behar izan zuten bertsolariek.
SUSTRAI COLINAREN AGURRA, XALAPARTAN
Nahiz Miribilla beteko zuen
bitan Fermin Muguruzak
Askoz gutxigo ez du merezi
hemengo kultur geruzak
Gaurko saioaz zer esango zun
gure argiñ andaluzak
Elkarte hontan batu baitira
gure herriaren funtsak
Holako suak behar baititu
kulturak eta hizkuntzak
Tabernetako Txapelketak hartuko du lekukoa
Urtarrilean ere bertsolaritzaz gozatzeko aukera izango da Hernanin. Urteroko legez, San Sebastian bezperan izango da Tabernetako Bertsolari Txapelketa. Igandea denez, arratsaldeko 19:00etan hasiko da saioa, Garinen.
Izena emateko epea zabalik dago jada, eta parte hartu nahi dutenek bertso eskolako kideekin hitz egin behar dute.