Hernaniko adingabe baten salaketak haurren sexu-materiala zabaltzen zuen sare bat azaleratzen lagundu du, Internet bidez «mehatxuak eta abusuak» jasan ondoren. Orain hiru urte egin zuen salaketa neska adingabeak eta Ertzaintzak martxan jarri zuen gerora 'Icaro Operazioa' bihurtu dena.
Maiatzean Gipuzkoako Probintzia Auzitegian epaituko dituzten bi gizon 2022ko otsailean eta martxoan atxilotu zituen Ertzaintzak Bizkaian eta Iruñean, hurrenez hurren. Hernanin adingabe baten salaketa ikertu ondoren atxilotu zituen Ertzaintzak eta orain fiskaltzak 168 eta 36 urte eskatu ditu bi gizonentzat. Kasu honetan 24 biktima identifikatu dira.
Kasuak hartu zituen neurriak ikusita, Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuak (IKGLZ) hartu zuen bere gain. Operatiboaren bigarren fase batean, beste sei pertsona atxilotu zituzten haur-pornografia izateagatik, eta 40 biktima baino gehiago identifikatu zituzten: 8 Euskadin, 33 beste erkidego batzuetan eta beste hainbat Latinoamerikako herrialdeetan.
«Sexu-abusuaren aurreneko urratsa da»
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, operazioan 137.221 artxibo aurkitu eta aztertu zituzten, 1.177 karpetatan sailkatuta; guztira, 1,45 tb-ko tamaina zuten. Haurren eduki pornografikoko 12.000 argazki eta bideo baino gehiago aurkitu zituzten, 8 eta 15 urte bitartekoak.
Ertzaintzak gogorarazi du 'grooming'-a gertatzen dela heldu batek adingabe bat engainatzen duenean Internet bidez, bere konfiantza bereganatzeko, sexu-egoeren edo egoera pornografikoen argazkiak edo bideoak lortzeko asmoz, eta haiekin xantaia egitera ere iristen denean. «Batzuetan, sexu-abusuaren aurreneko urratsa da», ohartarazi du Ertzaintzak, eta gogorarazi du biktimaren adinak «bereziki kaltebera» egiten duela, eta gertakarien larritasuna areagotu egiten duela, adingabea eta haren familia etengabe biktimizatzen dituelako.