Goñi eta Altuna, Gipuzkoarekin garaile

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 5a, 00:00

Amorebietan, Bizkaiako eta Arabako selekzioak gainditu dituzte eta Goñik egin du markarik esanguratsuena.

 

Sasoian daude Hernaniko igerilariak eta atzo erakutsi zuten hori, beste behin. Amorebietan jokatu zen lurraldeen arteko Javi Saezen oroimenezkoa eta bertan Gipuzkoak, Araba eta Bizkaia gainditu zituen. Gipuzkoako selekzioaren parte izan ziren Enaitz Goñi eta Olatz Altuna eta puntu garrantzitsuak batu zituzten. Goñik hirugarren amaitu zuen 50 estilo libreko proban eta garaipena lortu zuen 100 estilo librekoan, txapelketako marka onenarekin mutiletan (51.73). Nesketan, Olatz Altuna bigarren izan zen 50 estilo libreetan eta zazpigarren, 100 metroetan.

Txapelketan 50 eta 100 metroetako probak izan ziren, estilo guztietan, eta lurralde bakoitzetik lau igerilarik hartu zuten parte, hamabikoa osatu arte, proba bakoitzean. 

 

Donostiako Nazioarteko Gabon Sarian zazpigarren amaitu zuen Goñik

Astebete aurretik, abenduaren 27an, 42garren Gabonetako Nazioarteko Saria jokatu zen Donostiako Paco Yoldiko 50 metroko igerilekuan. Bertan ere aritu ziren Olatz Altuna eta Enaitz Goñi. Olatz Altunak 50 metro estilo librean hartu zuen parte eta finalera sailkatzea lortu zuen. Finalean laugarren amaitu zuen 27:29ko denborarekin. 

Enaitz Goñi 100 metro estilo librean aritu zen eta finalera bigarren denborarik onenarekin sartu zen. Finalean hirugarren amaitu zuen 52:49ko denborarekin eta txapelketa osoko zazpigarren postuan amaitu zuen 711 punturekin. Aipagarria da postu hori, kontutan izanda nazioarte mailako txapelketa izaten dela Gabonetako sari hau. Munduko txapeldun den Hugo Gonzalez de Oliveirak lortu zuen garaipena 860 punturekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!