Hernaniko adinekoen etxean bizi da Maria Martina Elustondo Mendikute 'Maritxu' eta 100 urte beteko ditu bihar, larunbata. Mendeurrena ospatzeko omenaldia egingo diote 12:00etan, Hernaniko andinekoen egoitzako kafetegian.
Ospakizun ekitaldian elkartuko dira Maria Martina Elustondo eta gertuko senideak. Famili giroko ospakizuna izango da, dantzariek kantariek eta trikitilariek alaituko duten omenaldia. Itsaso Lekuona eta Aitor Lukas udal gobernuko zinegotziek ere parte hartuko dute, eta lore eskaintza egingo diote emakumeari.
Zestoan jaio zen Maria Martina Elustondo, Beko-etxea baserrian, Arroa goian. Baserrian urteak igaro ostean, Zestoako denda batera joan zen lanera, eta han jertseak egiten hasi zen. 12 jostun ibili ziren guztira dendan, eta bertan igaro zituen urte asko, 38 urte egin arte. Ondoren, iparraldera joan zen eta Donibane Lohizunen eta Baionan ibili zen familia ezberdinetako haurrak zaintzen. Ordurako, Hernani zuen bizileku, bere ahizpa Genovevarekin batera. Aitzitik, ez zuen utzi gaztetako ofizioa eta Hernanin zela ere, josten jarraitu zuen. Azken lau urteotan Hernanikoen adinekoen egoitzan bizi izan da.
Bihar, urtarrilaren 4a, 100 urte beteko ditu Elustondok, eta familiarekin elkartu eta mendeurrena ospatzeko ilusioz dagoela aitortu du.