Palestinaren aldeko aldarriarekin amaituko dute urtea San Silbestreko korrikalariek

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 31a, 00:00

16:50etan eta 17:00etan hasiko dira gaztetxoen lasterketak.

Gaur arratsaldeko 17:30etan izango da lasterketa nagusia. Dortsala plazan bertan jaso beharko da, 15:00etatik aurrera.

 

Lau kilometroko ibilbidea osatu eta poteatzera. Horixe izaten da Urte Zahar Eguna heltzen denean hernaniar askoren plana. Antolatzaile taldea aldatuta, baina aurtengoan ere San Silbestreak hartuko ditu Kaxkoko kaleak arratsaldean zehar, palestinar erresistentziaren aldeko aldarrikapenekin. 

Lehenengo aldiz Hernaniko Gazte Asanbladak hartu du lasterketa antolatzeko ardura, eta herriko zenbait gazterekin elkarlanean egin dituzte prestaketa lanak. 

Arratsaldeko 17:30etan hasiko da lasterketa nagusia. Ohiko ibilbidea izango du, Gudarien plazan hasi eta bukatuta. Lau kilometro osatzeko Santa Barbara auzotik Floridaraino jaitsi beharko dute korrikalariek, ondoren Kale Nagusian barrena azken esprintxoa jotzeko.

Parte hartu nahi dutenek 15:00etatik aurrera eskuratu ahal izango dute euren dortsala, plazan bertan.

Lasterketa nagusiaren aurretik haurren eta gaztetxoen txanda izango da. Bi zatitan egingo dituzte haurren lasterketak; 8 urtera arteko haurrena arratsaldeko 16:50etan izango da, eta 9-11 urte bitartekoena arratsaldeko 17:00etan.

Kontrakantxatik azken egunetan nabarmendu dute horrelako jarduera bat antolatzeko ezinbestekoa dela herritarren laguntza. Hortaz, azken kontuetan laguntzeko borondatea duten horiek Asanbladaren sare sozialetara idazteko aukera dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!