Lau kilometroko ibilbide osatu eta poteatzera. Horixe izaten da abenduaren 31 heltzen denean hernaniar askoren plana. Antolatzaile taldea aldatuta, baina aurtengoan ere San Silbestreak hartuko ditu Kaxkoko kaleak arratsaldean zehar, Palestinar erresistentziaren aldeko aldarrikapenekin. Lehenengo aldiz Hernaniko Gazte Asanbladak hartu du lasterketa antolatzeko ardura, eta herriko zenbait gazterekin elkarlanean egin dituzte prestaketa lanak.
Arratsaldeko 17:30etan hasiko da lasterketa nagusia. Ohiko ibilbidea izango du, Gudarien plazan hasi eta bukatuta. Lau kilometro osatzeko Santa Barbara auzotik Floridaraino jaitsi beharko dute korrikalariek, ondoren Kale Nagusian barrena azken esprintxoa jotzeko.
Parte hartu nahi dutenek 15:00etatik aurrera eskuratu ahal izango dute euren dortsala, plazan bertan.
Lasterketa nagusiaren aurretik haurren eta gaztetxoen txanda izango da. Bi zatitan egingo dituzte haurren lasterketak; 8 urtera arteko haurrena arratsaldeko 16:50etan izango da, eta 9-11 urte bitartekoena arratsaldeko 17:00etan.
Kontrakantxatik azken egunetan nabarmendu dute horrelako jarduera bat antolatzeko ezinbestekoa dela herritarren laguntza. Hortaz, azken kontuetan laguntzeko borondatea duten horiek Asanbladaren sare sozialetara idazteko aukera dute.