Hernaniko Udalak babes ofizialeko hiru etxebizitza jaso ditu alokairu sozialera bideratzeko. Florida auzoko 25B atarian daude hiru pisuak, eta herritarrek dagoeneko egin dezakete eskaera. «Hiru etxebizitza horietako bat egokitua da eta mugikortasun urri iraunkorra duen kideren bat -gutxienez- duten bizikidetza unitateentzako izango da. Beste bi etxebizitzak 70 urtez gorako herritarrentzako izango dira», zehaztu dute Udaletik.
Urtarrilaren 23ra arte egin ahalko dira izena emateko eskaerak. Horretarako Hernaniko udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzura bertaratu edo Udalaren webguneko eskaera telematikoa bete beharko da.
Eskaera epea ixten denean, baremazio bidez zehaztuko dute etxebizitzen esleipena, eta, hasiera batean, hiru kontratuek bost urteko iraupena izango dute. Alokairu sozialeko etxebizitza hauek bi gelakoak dira eta garajea dute, baina gehienez lau kideko bizikidetza unitateak onartuko dituzte.
Informazio gehiago behar dutenentzat, oinarriak eta eskaera orriak eskuragarri daude Harrera Zerbitzuan eta www.hernani.eus webguneko Iragarki Taulan.