Aurreko ostiralean egin zuten barrikotea Elizatxo elkartean, aspalditik Gabon garairako daukaten ohiturari jarraituz. Eta sekulako arrakasta izan du aurtengoak: aforoa bete zuten, 50 lagun elkartuta, eta giro ederra izan zen bertan. Iluntzeko 20:00ak aldera elkartu ziren afaritarako, eta goizaldeko ordu txikiak arte luzatu zuten ospakizuna (hirurak arte, zenbaitek aitortu dutenez).
Bailarako hiru sagardotegitako sagardoak lagunduta, kategoriko afariaz gozatu zuten bertaratuek: txorizoa sagardotan, bakailua pil-pil erara, kostilla, gazta intxaurrekin eta menbrilloarekin, kafea eta kopa.