Espainiako Ohorezko Mailara igoera lortu dute Olatz Altunak eta Enaitz Goñik, Bidasoa taldearekin

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 27a, 00:00

Olatz Altuna (ezkerretik bigarrena), podiumeko bigarren koxkan.

Espainiako Ohorezko Mailara igoera lortu dute Olatz Altunak eta Enaitz Goñik, Bidasoa taldearekin

Pozik bueltatu dira Olatz Altuna eta Enaitz Goñi igerilari hernaniarrak, Castellonetik: Espainiako Ohorezko Mailara igoera lortu dute taldeka, Irungo Bidasoarekin, nesketan zein mutiletan. Hori horrela, Estatuko zortzi talde onenen artean arituko dira datorren urtean, Espainiako Kopan.

Lehenengo Mailako Kopa lehiatu zuten Castellonen, joan den asteburuan; eta igoera lortzeko hautagai zen Bidasoa, nesketan zein mutiletan. Halaxe egin zuten, igoerako aurreneko bi postuetan sailkatu baitziren bi taldeak. Bidasoako mutilak txapeldun izan ziren, 1.148 puntu lortuta; eta neskek bigarren postua lortu zuten, 1.167 punturekin. Erosotasunez lortu zuten helburua mutilek, eta ezin hobeto bideratu zuten neskek ere, baina zaildu egin zitzaien hirugarren saioan: azkeneko errelebo proban deskalifikatu egin zituzten, eta horrek ataka estuan jarri zituen. Azkeneko jardunaldian ekarri zuten egoera bere onera, eta igoera lortu zuten. Edozein kasutan, deskalifikazio horrek saihestu zuen haiek ere txapeldun izatea.

Igerilari hernaniarren partehartzeari dagokionez, bost probatan aritu zen Enaitz Goñi, eta puntu asko pilatu zituen taldearentzat. Gainera, proba horietako bitan, bere markarik onena lortu zuen hernaniarrak: 400 metro libreetan 3:56,58ko denbora lortu zuen, bere markarik onena hiru segundutan hobetuz; eta 400 metro estiloetan ere bota zuen bere marka, 4:30,15 eginda. Aipagarria da, era berean, 4x200 metro libreko errelebo proban 1:48,82ko denbora lortu zuela berak, azkeneko errelebista izanda. Bigarren postua lortu zuten proba horretan.

Olatz Altuna, berriz, txapelketa osoko igerilaririk beteranoena izan zen, 41 urterekin; eta bi probatan hartu zuen parte. 50 metro libreetan seigarren izan zen, 26,32ko denborarekin; eta puntu erabakigarriak lortu zituen taldearentzat. 4x50 metro libreko errelebo proban ere aritu zen hernaniarra, eta garaipena lortu zuen Bidasoak proba horretan.

 

Gabonetako Nazioarteko Saria jokoan gaur, Donostian

Urtea bukatzeko, Gabonetako Nazioarteko Sarian ariko dira bi hernaniarrak gaur, Donostiako Paco Yoldi igerilekuan. Olatz Altunak 50 metro libreetan hartuko du parte, eta Enaitz Goñi 100 metro libreetan ariko da. Finalera sailkatu eta beraien markak hobetzea izango dute helburu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!