Urtero bezala, ekintza sorta berezia prestatu du Portuko Auzo Elkarteak, Gabonetako oporraldirako. Gaur emango diote hasiera, eta lau ekintza izango dituzte urtarrilaren 2ra bitarte.
Patinekin ibiltzeko tailerrarekin ekingo diote egitarauari, gaur arratsaldean. 17:00etan jarri dute elkartzeko hitzordua auzoan, eta adin eta maila guztietako patinatzaileak izango dira ongietorriak.
Datorren astelehenean izango dute hurrengo zita, eta patinak utzita, aulkietan eseriko dira auzotarrak, zineaz gozatzeko. Umeentzako pelikula bat eskainiko dute, 17:00etan hasita.
Hurrengo egunean, ordea, berriro hankei eragin beharko diete. Ohiturari jarraiki, urte bukaera ospatzeko mendi buelta egingo dute Santa Barbarara, elkarrekin. Goizeko 10:30etan abiatuko dira Portutik, mendi buelta egiteko.
Eta urtarrilaren 2an, azkenik, erroskillak egiteko tailerra izango dute, urte berria gozotik hasteko. Arratsaldeko 16:30etan hasiko da tailerra, eta horretan parte hartzeko, tokia mugatua izango da.