Oso konpromiso zaila zeukan Hernanik, urtea bukatzeko; eta ezin. Gernikaren zelaian jokatu zuen, Urbietan; eta 17-12 galdu zuen. Oso partidu lehiatua eta parekatua izan zen, eta behin baino gehiagotan izan ziren trikoloreak aurretik: 0-6, 5-9 eta 11-12, Beñat Arizetaren lau zigor kolperi esker. Azkeneko hori, 50garren minutuan. Baina beste bi zigor kolperekin, aurrea hartu eta garaipena eskuratu zuten bizkaitarrek. Defentsako bonusa ekarri zuten hernaniarrek, egindako lan onaren kontsolazio sari gisa.
Puntu horrekin, eta Uni Bilbaoren porrota baliatuz (10-7 galdu zuen Gipuzkoa Sortzenen kontra), hirugarren postuari eutsi dio Hernanik, 30 punturekin. Aurretik dauzka Pasek Belenos (38) eta Gernika (36); eta atzetik Getxo (28) eta Uni Bilbao (25).
Hori horrela, igoera fasea jokatzeko hiru postuen barruan hasiko du urte berria Hernanik, hiru partiduren faltan: Uni Bilbao, Pasek Belenos eta Gaztedi izango ditu kontrario.
Santo Tomaseko saskiak badu jabea
Bestalde, Santo Tomaseko postua jarri du Hernaniko Errugbi Elkarteak aurreko bi asteburuetan, eta saski eder bat zozketatu du: 326 zenbakia izan da saritua, eta haren jabeak dagoeneko jaso du saskia, errugbiko baloi erraldoi baten itxura daukana. Abenduaren 31n, berriz, mariskada bat zozketatuko du klubak.