Elkarte arteko futbol topaketa tradizionala Zubipen, abenduaren 31n

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 27a, 00:00

Bi elkarteetako kideak, joan den urteko futbol topaketan.

Lagunarteko partidua jokatuko dute Santa Barbara eta Elur Txori elkarteek, goizeko 10:00etan hasita.

Urtea bukatzeko, hitzordu berezia daukate Santa Barbara eta Elur Txori elkarteetako kide eta lagunek. Izan ere, elkarte arteko futbol topaketa tradizionala antolatu dute abenduaren 31rako, goizeko 10:00etan hasita Zubipen.

Lagunarteko partidua jokatuko dute bi elkarteek, eta hamaiketako ederra egingo dute bukaeran elkarrekin, Santa Barbara elkartean. «Horixe da topaketaren helburua, elkarteen arteko giro ona sustatu eta urtea ahalik eta ondoen bukatzea, herriari bizitza ematearekin batera», nabarmendu dute.

Hamarkada batzuk atzera, bazegoen ohitura urte bukaeran futbol partidua jokatzeko. 2022an berreskuratu zuten, eta hirugarrenez jarraian egingo dute aurten: «Esan liteke harrera ona izan duela, joan den urtean jende asko gerturatu baitzen Zubipera, partidua ikustera eta animatzera», diote.

Urtea «umorez eta alai» bukatzera animatu dituzte elkarteetako kideak, eta izena emateko zerrendak elkarteko iragarki taulan topatuko dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!