Joan den asteburuan jokatu zuen Hernanik, mutilen Euskal Ligan, urteko azkeneko partidua. Eta bukaera ezin hobea eman dio urteari, kontrario zuzen baten kantxan irabazita: 0-3 nagusitu zen Sestaon. Azken emaitzak alde haundia erakutsi arren, oso parekatuak izan ziren joko guztiak, baina bakoitzeko azkeneko tantoetan asmatzea lortu zuten hernaniarrek: 23-25 irabazi zuten aurrenekoa, 25-27 bigarrena, eta 19-25 hirugarrena.
Gauzak horrela, ligako bigarren postuari eutsi dio Hernanik, 30 punturekin, Navarvoley hirugarrenarekin berdinduta; eta sei puntura urrundu du Sestao, laugarrena. 34 puntu dauzka Udapa Jatorkide liderrak. Gabonetako etenaldia izango dute orain, eta urtarrilaren 12an bueltatuko dira lehiara, Hernaniko kiroldegian, Bera Beraren kontra.