2010 urtean iritsi zen gugana, eta dagoeneko plaga bihurtu da. Liztor Asiatikoak edo Liztor Beltzak (Vespa Velutina Nigritorax), sekulako sarraskia egin du Hernaniko eta Gipuzkoako erlauntzetan. Erleen %30 inguru galdu dute erlezain batzuek; beste batzuei ez hainbeste, baina datorren urteari beldurra diote. Ezti produkzioari ez dio gehiegi eragin aurten. Izan ere, erasorik haundiena uda bukaeran izan da, eta ordurako eztia egina zegoen. Agustin Zabalak azaldu dio Kronikari bere kasua: «Liztorraren eraso haundiena eztia egin eta gero izan da, uda bukaeran. Sekulakoa izan da; etenik gabea. 32 erlauntzatik 9 galdu ditut nik. Eztia ondo egin dute, erasoa hasi baino lehen egin dutelako. Nik neronek iaz baino gehiago izan dut. Txilarraren eztirik ez, hori ez dute egin, azkeneko lorea izaten baita txilarrarena, eta ordurako erasoa hasia zen».
Aurten, 45 kabi suntsitu dituzte Hernanin
2012an 45 kabi kendu dituzte Hernanin. Basozainek kendu dituzte horietatik 13 eta suhiltzaileek 10; gehienak eskuz kenduak dira, gruaren laguntzaz eta abar. Gainerakoak ehiztariek edo erlezainek kendu dituzte, 23 kabi inguru; gehienak tiroz boteak dituzte, baina eskuz kenduak ere bai. Diputazioak jakinarazi duenez, guztira 657 kabi suntsitu ditu Gipuzkoan. Aurtengo jarduna eten egin du Diputazioak, kabiak dagoneko hutsak daudelako.
«Sarraskia, udazkenean»
Irailetik azaroa bitartean egin dute sarraski haundiena liztor asiatikoek. «Erotzeko modukoa zen, egun horietan. Erlauntzaren inguruan zientoka liztor, eta erlea ateratzen ez. Bat ateratzen bazen, harrapatu egiten zuten», dio Jexux Aranburu erlezainak. «Edo barrura sartu eta harrapatzen zuten erlea. Erlauntza batzuk hutsak geratu dira», dio Agustin Zabalak. Itxura denez, erleak oraindik ez daki nola jokatu, eta erlauntza barruan geratzen da. Horrek esan nahi du, ez duela lanik egiten, eta okerrago dena, ez du generazio berririk ateratzen. Liztorraren zikloa puri purian udazkenean egoten da. Neguan denak hil egiten dira, eta erreginek segitzen dute bizirik. Ibernatu ostean, kabia egiten hasten dira. Lehenengo kabi txiki bat, gero beste bat haundiagoa, eta hirugarrena izugarria, langile pila bat dauzkalako laguntzeko. Udazkenean, 6.000-10.000 liztor inguru daude kabi bakoitzean, eta horiek guztiak jateko eta beren kumeei jaten emateko jaki asko behar dute; besteak beste, erleak. «Erleak jaten dituzte eta eztia ere bai. Neri harri haundi batek jota bota zidan erlauntza bat. A ze festa, liztorrek!». Jexux Aranburuk bi erlauntza galdu omen ditu. «Ez da asko, baina datorren urterako beldurrez nago, erle gazterik ez daukagulako erlauntzetan».
«Beldurrez gaude, datorren urterako»
Datorren urterako beldurrez daude erlezainak. Iraun duten erlauntzetan erle zaharrak geratu dira, erreginak ez duelako jarri azkeneko arrautz-aldia. «Negua baino lehenago azkeneko erle-aldia jartzen du erreginak, eta horiek dira udaberrian lanean hasiko direnak. Aurten erreginek behar baino lehenago utzi diote arrautzak jartzeari, beraz, generazio zaharra dago erlauntzetan, eta logikoena da horiek udaberrian hiltzea».
Erlezainak, etsitzen
Prentsak egunotan kaleratu duenez, 10 erlezainetik 2k utzi egingo du ofizioa. Lehendik ere erleak bazituen etsaiak: barroa (akaina moduko parasito txiki bat) edo pestizidak (kalte haundia eragin dute). Orain, Liztor Beltza iritsi da. Beste leku batzuetan erleak bizi dira liztor beltzarekin. Denborak esango du zer nolako eboluzioa izaten duen gure alderdi honetan.
Azukre bila, sagarretara
Liztor Asiatikoak paraje ederra bilatu du gurean, eta ezin hobeto ari da egokitzen. Jatena nahikoa, hezea, basoa... «etxean bezala» dagoela zioen Julian Urkiola Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko lehendakariak iaz, Kronikan. Erlezainek jo zuten lehendabiziko SOSa, baina aurten sagar zaleak ere kejan hasiak dira Goierri aldean-eta, sagastietan kalteak eragin dituelako. Sagarrak erabat ustutzeraino jaten ditu liztorrak, itxura denez, azukre bila joanda.
Liztor asiatikoa
(Vespa velutina nigritorax)
Jatorria: Asia (India, Indonesia, eta Txina).
Generoa: Vespidae, liztor haundia.
Tamaina handiena: 3 cm langileek eta 5 cm erreginak.
Itxura: beltza, ertz hori-laranjak. Hanka muturrak horiak. Aurrean bi pintza indartsu. Eztena, 6 mm-koa.
Abitata: leku menditsuak, baso eta hezetasun haundiko lekuak.
Kabia: lurretik 15 metrora egiten du, zelulosazkoa. 70 cm luze, 55 cm zabal. 10.000 liztor kabitzen dira.
Janaria: frutetako glukosa eta erleak ematen dizkiete kumeei.
Kabiak non kendu diren (Kronikak jakin ahal izan dituenak)
- Hernani aldean: Arrobian 2, Institutua 1, Iberdrolako estazioa 1, Elizatxo 1, Sandiusterri 1, Mandazubi 1, Elorrabi 1.
- Ereñotzu aldean: Fagollaga 2, Akola 1, Ereñotzu 2, Latxe 2, Iturralde 2, Izeneder 1, Bezkitta 3, Ugaldetxo 1, Aparrain 1, Olazar 1, Urruzuno 1, Leitzane 1, Urmendi 3, Pagoagako iturria 1, Iyola 1.
- Arano eta Goizueta aldean: Abaño 2, Kaxeta 1, Goizueta 2.