'Hegoak' diska berria, Garbiñe Insausti eta Iñaki Salvadorren eskutik

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 22a, 00:00

Insausti hernaniarraren azken lana eskuratzeko aukera dago, besteak beste, Hernaniko Elkar liburudendan.

 

Kalean da 'Hegoak' disko berria, Garbiñe Insausti hernaniarraren eta Iñaki Salvadorren eskutik. Dagoeneko eskura dute herritarrek, besteak beste, Hernaniko Elkar liburudendan eskuratu daiteke.

Garbiñe Insausti abeslari eta aktore hernaniarraren ahotsa eta Iñaki Salvador pianista entzutetsua elkartu dira oraingoan Hegoak izeneko albuma eskaintzeko. Kulunka Teatrok ekoiztutako izen bereko ikuskizun musikalean presente dauden doinuak biltzen dituen diskoa osatu dute bi artistek elkarrekin.

Diskoaren doinuaz aritu dira musikariak: «Hegoak-ek bidaia musikal eta emozional bat proposatzen dio entzule edo ikusleari, imajinario kolektibo komunaren parte diren doinuetan barrena; klasiko atenporal ezagunak diren Mikel Laboaren edo Imanolen eskutik, beste leku batzuetako soinu eta kantuetara iritsi arte, Edith Piaf, Jaques Brell edo Kurt Weill bezalako artista handien abestiak bisitatuz».

Kantu guztiak Iñaki Salvadorrek moldatu ditu, Garbiñe Insaustiren eta Salvadorren beraren musika zuzendaritzapean, jatorrizkoekiko kontu eta errespetu handiz, baina kutsu berri bat eman nahian.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!