Auto elektrikoaren erakustaldia gaur, Hernaniko Lanbide Heziketaren eskutik

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 22a, 00:00

Iazko urtean ikasleek hutsetik diseinatu eta fabrikatuitako autoa berriro ikusgai jarriko dute gaur, eta autoarekin ibiltzeko aukera ere izango dute bertaratzen diren herritarrek. 

 

Hernaniko Euskelec erakustaldia egingo da gaur, Hernaniko Lanbide Heziketaren eskutik. Iaz Hernaniko Gizarte Berrikuntza LHIIko ikasleek diseinatu eta fabrikatutako auto elektrikoa gogoratuko dute gaur, eta bertaratzen diren herritarrek, autoa ikusteaz gain, bertako zirkuituan autoarekin ibiltzeko aukera ere izango dute.

Aurreko ikasturtean, Gizarte Berrikuntzako ziklo ezberdinetako ikasleen artean auto elektriko bat egin zuten eskolan. Auto honen diseinuan eta fabrikazioan parte hartu zuten diseinu industrialeko, soldadurako, mekanizazioko zein elektrizitateko ikaslak. 

Proiektu honen helburua, Lanbide Heziketako institutu ezberdinen artean urtero antolatzen den Euskelec proban parte hartzea izan zen. Bertan, heziketa ikuspuntu harturik, autoaren diseinu eta frabrikazioak dituen atal ezberdinak puntuatzeaz gain, autoek gainditu beharreko proba ezberdinak baloratzen dira. Iaz, Gasteizen izan zen probaren azken ekitaldia, eta benetan esanguratsuak izan ziren Hernaniko ikasleek lortutako emaitzak.

«Urte guztian zehar landutako erronkaren amaiera zoragarria izan zen ikasle, guraso eta irakasleek asteburu hartan Gasteizen bizitu genuen esperientzia», azaldu dute Lanbide Heziketako kideek. Esperientzia «zoragarri» hura ez zuten Gasteizen amaitzerik nahi izan, horregatik, aurtengo auto berriari ekin aurretik, pasa den urteko autoari Hernanin eman nahiz izan dizkiote eskerrak.

'Formakuntzaz disfrutatzen' lemapean antolatu dute gaurko eguna, eta 12:00etatik aurrera iazko lehiaketako auto elektrikoaren erakustaldia egingo dute Hernaniko Ezkiaga pasealekuan. Eguraldi txarra balego, Atsegindegiko aterpean egingo dute.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!