Azkar batean igaro zen abenduko osoko bilkura Hernaniko udaletxean. Udalbatzar aretoan elkartu ziren udal taldeak arratsaldeko 18:00etan eta lau puntu zituzten mahai-gainean. Laurak aho batez izan ziren onartuak.
Lehenengo puntua azaroaren 26ko osoko bilkuraren akta onartzea izan zen, eta adostasun osoarekin izan zen onartua. Bigarren puntua dekretuen berri ematea izan zen, zerrenda pasata eta ikusgai izanda, zalantzarik gabe onartu zen puntu hau ere.
Hirugarren puntua, Errenteriako Udalaren eta Hernaniko Udalaren arteko kudeaketa-gomendio hitzarmena onartzea izan zen. Puntu hau Ereñotzuko presa txikia eta faunaren eskala eraisteko eta zentral hidroelektriko zaharraren ubidearen ingurumena lehengoratzeko obrak gauzatu eta finantzatzeko hitzarmena litzake. Bi udalen artean landutako dokumentua izan dela eta dirulaguntza bat ere eskatuta dagoela azaldu zuen alkateak. Zalantzarik eta interbentziorik gabe, hau ere onartuta gelditu zen.
Azken puntua, «hilabete askoan lantzen» ibili diren puntua dela aipatu zuen Lertxundik. Puntu honetan erabilera publikoko eremuetan terrazak, salgai dauden produktuen erakuslekuak eta beste elementu lagungarriak jartzeko ordenantzan aldaketa egitea lantzen zen. Ordenantza berria onartu zuten, baina aldaketa batzuk txertatu behar zirela aipatu zuten. Osoko bilkuratik pasa behar zenez ordenantza hau, puntu baten zehaztapen bat egiteko aprobetxatu zuten. Zuzenketa 13. artikuluan egin da, eta hobeto zehaztuta gelditu da 10. artikuluan. Finean, 4 aulkitik 6 aulkitara igarotzea izan da aldaketa. Bozkatzeko unean, beste behin, aho batez onartua.