Orain artekoarekin ase ez diren bertsozaleek bertsolaritzaz gozatzeko aukera izango dute datozen egunetan ere. Hilaren 11n hasi zen aurtengo Bertso Lata, eta dagoeneko bi saio egin dituzte; herriko haurrei zuzendutakoa eta 'Izena eta izana' berezia. Hemendik aurrera beste bost jarduera izango dira, errege bezperara arte.
Abenduaren 24ko errondak emango dio jarraipena Paulo Txikiyako kideek prestatutako egitarauari. Ohiko modura, 16:00etan abiatuko dira Iparragirre sagardotegitik, eta sagardotegietako bidean barrena ibiliko dira baserrietako atarietan koplak kantatzen. Urte zaharrean ere, Ohitura Zaharrak Abesbatzarekin batera, Kaxkotik barrena egingo dute erronda. Kasu honetan arratsaldeko 17:30etan abiatuko dira Hernaniko udaletxeko arkupeetatik.
Bertso saioei dagokienez, inuxenteen egunean izango da hurrengoa, hilaren 28an. Xalaparta elkartean egingo dute aurtengo bertso afaria, Sustrai Colina eta Amets Arzallus bertsolariekin. Izena emateko epea bihar itxiko dute; hortaz, berantiarrek gaur edo bihar pasa beharko dute Aralar, Txili edo Garin tabernetatik, bertan dauden zerrendetan apuntzatzeko. Bertatik pasatzeko aukerarik ez dutenek, @paulotxikiya instagram kontura idazteko aukera dute.
Jaialdi nagusia urte berriarekin batera iritsiko da. Urtarrilaren 4an Biteriko areto nagusian abestuko dute Maialen Lujanbiok, Eñaut Martikorenak, Beñat Gaztelumendik, Eneritz Artetxek eta Aitor Sarriegik. Jaialdirako sarrerak saioa hasi baino lehenxeago jarriko dituzte salgai, Biteriko leihatilan bertan.
Bertso Lata urtarrilaren 5ean amaituko da aurten, errege egunaren bezperan. Duela urte batzuetako ohitura berreskuratuta, kale antzerkia egingo dute bertso eskolako kideek. Kaxkoko txokoetan eskainiko dute ikuskizuna, poteoan dabiltzan herritarren gozamenerako. Hortaz, kuadrilla xelebre bat kalean zehar ikusi ezkero, ez dadila inor larritu!
Bikain joan dira orain arte egindako bi saioak
Pasa den astean Hernaniko eskoletako haurrei eskainitako saioa egin zuten Biterin. Unai Gaztelumendik eta Eli Pagolak abestu zuten, eta Gartxot garbitzaile xelebreari tokatu zitzaion gaiak jartzea. Ederki pasa zuten Hernaniko gaztetxoek.
Atzo arratsaldean, berriz, Kontrakantxa Gaztetxea izenez eta izanez bete zuten. Amaia Agirre, Amaia Iturriotz, Asier Ibarguren eta Asier Azpiroz 'Azpi' aritu ziren kantuan, Amaia Urbietak prestatutako gaiei erantzunez. Giro polita sortu zen gaztetxean, eta bertsolariek asmatu zuten saioaren berezitasunari zukua ateratzen.
Bertso Eskolatik falta diren jardueretan parte hartzeko deia egin dute.
ABENDUAK 24 16:00 Gabonetako erronda Iparragirre sagardotegitik abiatuta. ABENDUAK 28 20:30 Bertso afaria Xalaparta elkartean. Sustrai Colina eta Amets Arzallus. Bihar da izena emateko azken eguna. ABENDUAK 31 Urte zaharreko erronda. URTARRILAK 4 19:00 Bertso jaialdia Biterin. Maialen Lujanbio, Eñaut Martikorena, Beñat Gaztelumendi, Eneritz Artetxe eta Aitor Sarriegi. Sarrerak egunean bertan, lehiatilan. URTARRILAK 5 12:00 Kale antzerkia. |