Xarma berezia du Arriatxuko eskolak. Osiñagako bizilagunek asko maite duten lekua da, eta, kokapenagatik bada ere, badu ukitu magiko bat. Azken hiru asteburutan, ordea, are magikoagoa bihurtu da Arriatxu, Olentzerok eta Mari Domingik bertan egin baitiete harrera herriko gaztetxoei. Gaur eta bihar egingo dituzte azken bixitak, eta horiek egin aurretik Olentzerorekin eta haurrekin hitz egiteko aprobetxatu du Kronikak.
OLENTZERO: «Bailarako haurrak bihurriak dira, baina bihotz onekoak»
Hiru egun falta dira 24rako, zer moduz zaude?
Ongi!!! Urduri ere bai, baina oso pozik gaude. Urte osoan zehar gabiltza lanean ikatzgintzan, baina belarriak tente izaten ditugu bailarako haur guztien kontu eta kantuak entzuteko. Buru belarri gabiltza talde lanean, eta denok dugu zer egina gure etxean. Mari Domingik eta biok gutunak adi irakurtzen ditugu oparien zerrenda osatzeko, eta txondor magikoaren laguntzaz, haurtxoen eta helduen opariak sortzen ditugu.
Napoleonen eta galtzagorrien laguntza izaten duzue?
(Barrez) Ez dakit zer esan... Txantxa da! Langile fiñak dira Napo eta alproja txiki hori. Galtzagorrik guk sortutako opariak biltzen ditu, eta Naporen miazkadarekin ixten ditu opariak! Etxeko ganbaran jasotzen ditugu guztiak, txukun kokatuta, 24 gauean herriz herri, etxez etxe, bakoitzak bere oparia jaso dezan.
Zer moduzkoak dira Urumea bailarako haurrak?
Etxean daukagu txintxo portatu diren haurren zerrenda potooooloa. Betaurrekoak jantzi eta adi irakurri dugu haur bakoitzaren izena. Eta gauza bat esango dizuet!!! Bailarako guztiak agertzen dira bertan, ez da bakar bat ere falta! Hala ere, bihurriren bat edo beste aurkitu dugu zerrendan... Aiiii.... Bailarako haurrak bihurriak dira, baina bihotz onekoak.
Zer harreman duzu Osiñagako bizilagunekin?
Osiñagako jendea atsegiña da benetan. Harreman polita sortu dugu azken urteotan. Amaia eta Zuhaitz, adibidez, gertuko lagunak ditugu. Ostegun goizetan elkartzen gara beraiekin kafe bero bat hartzeko. Hortxe egoten gara gure etxeko atarian kontu kontari. Napo eta Galtzagorri ere ederki moldatzen dira Onddipe baserriko Balentxi astoarekin, eguzkia atera orduko soroan etzan eta eguzkia hartzen egoten dira kantari. Aparta da hirukotea mihia luzatuta txokolate pertzan geratzen diren arrastoak garbitzeko ere... jejeje.
Ikusten dudanez, opariak baino askoz ere gehiago dira zuentzat gabonak...
Bai... Arduratuta gaude Mari Domingi eta biok. Izan ere, gaur egungo haurrek eta gurasoek opariak bakarrik izaten dituzte buruan. Ez dute gabonetako magiarik euren bihotz barruan. Guk maite ditugu gabonak: herrira jaitsi, betiko lagunekin elkartu, bazkaloste luzeak izan... baina Mari Domingik eta biok gehien maite duguna zera da; elurrarekin jolastea. Ea aurtengoan gabonetako magia sorraraztea lortzen dugun!
24a pasatakoan zer egingo duzu?
Gure lana urte osokoa da, baina pixkanaka joango gara berriro martxa hartzen. Hasieran egun batzuk hartuko ditugu deskantsatzeko, eta ondoren ekingo diogu datorren urtekoa prestatzeari.
Bailarako haurrak, pozez txoratzen
Ikustekoa izan da azken hiru asteetan Olentzeroren eta Mari Domingiren etxera iritsi diren haurren aurpegia. Ilusio haundiarekin ezagutu dituzte etxeko kide guztiak, baita Napo eta Galtzagorri ere. Bertan, haur bakoitzak urtean zehar izan duen jarrera xehe-xehe azaltzeaz gain, kontu kontari aritzeko aukera paregabea izan dute.
Bisita amaitu eta segituan, honakoak izan dira bailarako gaztetxoen adierazpenak.
Uxue - 9 urte
«Olentzero eta Mari Domingiren etxea oso polita eta magikoa iruditu zitzaidan. Bai Napo astoa eta Galtzagorri asko gustatu zitzaizkidan. Olentzerok gure gauzak jakiteak harritu ninduen, asko gustatu zitzaidan»
Oihan - 5 urte
«Orain arte Olentzerori eta Mari Domingiri egin diegun bisitarik onena izan da. Egun onena izan da gaurkoa»
Martina - 4 urte
«Oso ondo pasa degu. Txokolatea gailetekin jan dugu, abestu dugu, eta gutuna eman diogu. Gehien gustatu zaidana txokolatea izan da»
Aimar - 5 urte
«Olentzeroren eta Mari Domingiren etxean egon naiz, Galtzabordan. Eskutitzak bildu dituzte eta gero txokolatea hartzera joan naiz. Esperientzia polita izan da, gehien gustatu zait eskutitza emateko momentua. Napo astoa zegoen kanpoan eta Galtzagorri ere bai, eta bukaeran joan gara kanpora Napori kaso egitera eta argazkiak egitera. Napo oso jatorra da, muxu bat eman dit».