Kalejira herrikoia egingo dute asteartean Hernaniko kaleetan barrena

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 21a, 00:00

Hiru ibilbide prestatu dituzte, eta 10:30etan abiatuko dira Atsegindegitik, Portutik eta Txantxillatik. Ondoren, 12:00etan Gudarien plazan elkartuko dira. Hiru ibilbideetan izararekin joango dira gaztetxoak, eta bertan eskuratutako dirua Pausoka Elkartearentzat izango da.

Herriko guraso talde batek antolatuta, aurten ere Kalejira Herrikoia egingo dute Hernanin. Abenduaren 24an izango da, eta herriko haur eta guraso guztiek izango dute parte hartzeko aukera. Musikarien laguntzarekin egingo dute bidea, eta geldialdiak egingo dituzte gabon kantak abesteko. 

Hiru abiapuntu izango dira asteartean, eta adinaren araberako taldeetan bereizi dute deialdia antolatzaileek. Hiru kasuetan 10:30etan jarri dute hitzordua. 

Lehenengo ibilbidea Haur Hezkuntzako ikasleentzat prestatu dute; kasu honetan, Atsegindegitik atera, Urbieta kalea pasa eta Iturriaga kalean gora iritsiko dira Gudarien plazara. Bigarren ibilbidean Lehen Hezkuntzako ikasleak joango dira; hauek Portuko Ibarrolaburu plazan hasiko dute martxa, Oindi eta Larramendi kaleak pasako dituzte gero, eta Kaxkoan zehar borobilduko dute itzulia. Azkenik, Txantxillatik abiatuko dira Aratz Ikastolako ikasleak; Oarso, Elkano eta Txirrita kaleetan behera egin ondoren, Izpizuatik barrena iritsiko dira Gudarien plazara. 

12:00etan ekitaldi nagusia egingo dute Gudarien plazan, hiru ibilbideetako ikasleak elkartuta. Euria egiten badu, Atsegindegin egingo dute ekitalditxoa. 

Jasotako dirua Pausoka Elkartearentzat izango da

Herriko ikasleak izara batekin aterako dira kalera, eta bertan pilatzen duten diru guztia Pausoka Elkartearentzat izango da. 

Antolatzaileek parte hartzeko deia egin diete herritar guztiei: «Aurtengoa ere ilusioz prestatutako ekimena dugu, beraz, denontzako berezia izan den egun horretan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Era berean, azpimarratu nahi dugu, ekimenak arrakasta izan dezan, guztion konpromezua eta laguntza ezinbestekoa dela».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!