«Sentipen ona eta harrotasuna» nagusitu ziren Sandiusterriko aretoan, joan den ostiralean, Hernani Burujabek egindako batzar orokorrean. Urteroko legez, herritarrekin partekatu nahi izan zituen ekimenaren garapena eta datorren urterako asmoak. Eta beste urte batez, «bertaratu zirenek jarri zuten jakinmina eta txalo zaparrada».
Hasteko, hiru erpinetako ordezkari bana arduratu zen Hernani Burujabe aurkeztu eta testuinguruan kokatzeaz. Hala, azaldu zuten planifikazio prozesua jarri dela abian, «zeinak sistematizatu egin asmo dituen erabakitze prozesuak, herritarren partehartzea, proiektu burujabe garatuak zein berriak, eta abar».
Hernani Burujaberen aterkipean hainbat sektorek garatu dute beren bidea. Horietako batzuen zertzeladak ere plazaratu zituzten batzarrean: elikadura, energia, zaintza, bioaniztasuna, etxebizitza eta merkataritza.
Sektore ezberdinen proiektuen aurkezpena
Elikaduraren sektorean, esaterako, nabarmendu zuten aurten nekazaritza eskola eta transformazio zentroa «kontsolidatu» egin direla. Datorren urterako, proiektuen artean daukate, besteak beste, «lurren erosketa eta gerriko agroekologikoa».
Energia sektoreko ordezkariak aipatu zuen 400 familia pasa direla Energia Bulegotik, eta gutxi gorabehera 300.000 euro aurreztu dituztela aholkuei esker. 2025ari begira, martxan dauden proiektuekin jarraituko dute; hala nola, instalazio fotoboltaiko partekatuekin.
Zaintza sektorea «lehentasunezko sektoreetako bat» da, eta bilakaera haundia izan du. Adibidez, Auzozaintza programa gero eta auzo gehiagotara zabaltzen ari da, eta onurak bistaratzen ari dira. Hemendik aurrerako erronka da 'auzozain' figura indartzea; alegia, inguruko pertsonen zaintzan parte hartzeko prest dauden auzotarrak identifikatzea.
Bioaniztasunari dagokionez, eragile zein herritarrek erreka garbiketa edota hazi bilketa burutu dituzte, eta eskolekin formakuntza saioak egin dituzte. Esku artean daukate, baita ere, Ave Maria parkeko urmaela, eta Katamotzarrin Hernaniko Udalak eskuratutako 69 baso lur hektarea kudeatzea.
Etxebizitza sektorearen baitan, aurten hartu du forma Etxegura elkarteak, eta lehenengo pausoak ematen hasi da. Batetik, Hernanin 800 etxe huts baino gehiago daudela salatzeko kanpaina egin dute; eta bestetik, Jabe Solidarioen Sarea osatzeko herritarrekin harremanetan jartzen hasi dira, itun sozial bat sinatzeko helburuarekin. Iragarri dute otsailaren 6an etxebizitza eredu kooperatiboak ezagutzeko jardunaldiak antolatuko dituztela.
Azkenik, merkataritza alorrean, Ekhilur ordainketa sistemak «adierazle esanguratsuak» eman ditu aurten.
Esate baterako, 130 saltoki baino gehiago egin dira sistemaren parte, eta 1.500 erabiltzaile inguru dauzka sistemak. 100.000 salerosketa baino gehiagorako erabili da ekhi moneta, eta orotara 2 milioi euro inguru mugiarazi ditu, azaldu dutenez.