Formakuntzaz disfrutatzen lemapean, auto elektrikoaren erakustaldi bat antolatu du Hernaniko Gizarte berrikuntza LHIIk, etzirako. Eguerdiko 12:00etatik aurrera izango da, Tilosetan (eguraldi txarrarekin, Atsegindegin).
Bertan, Hernaniko ikasleek hutsetik diseinatu eta fabrikatutako autoa ikusgai jarriko dute, eta autoarekin ibiltzeko aukera ere izango dute bertaratuek, prestatuko duten zirkuituan.
Aurreko urtean egin zuten, Euskelec proban partehartzeko
Aurreko ikasturtean egin zuten auto elektriko bat eskolan, Hernaniko Gizarte Berrikuntza LHIIko ziklo ezberdinetako ikasleen artean. Auto honen diseinu eta fabrikazioan, diseinu industrialeko, soldadurako, mekanizazioko zein elektrizitateko ikasleek hartu zuten parte.
Auto honen helburua izan zen lanbide heziketako institutu ezberdinen artean urtero antolatzen den Euskelec proban parte hartzea. Bertan, heziketa ikuspuntu batetik hartuta, autoaren diseinu eta fabrikazioak dituen atal ezberdinak puntuatzeaz gain, autoek gainditu beharreko hainbat proba baloratzen dira.
Pasa den ikasturtean, Gasteizen izan zen ikaskuntza prozesu honen azken ekitaldia, eta esanguratsuak izan ziren Hernaniko ikasleek lortutako emaitzak. Urte guztian zehar landutako erronkari amaiera polita eman zioten, ikasle, guraso eta irakasleek asteburu hartan bizitako esperientziarekin. Hori horrela, ez zuten nahi aurreko urteko autoaren ibilbidea Gasteizen amaitzerik: «Aurtengo auto berriari ekin aurretik, pasa den urteko autoari eskerrak eman nahi dizkiogu Hernanin». Horregatik antolatu dute erakustaldia.