Santo Tomas eguna da biharkoa, eta postu ugari jarriko dira Hernanin barrena, gaurtik etzira bitarte. Pasa den larunbatean txistorra pintxoak zein taloak nonahi jateko aukera izan zuten bailarako herritarrek, eta gaurkoan ere usain hori nagusituko da kale eta auzoetan.
Urteko azken klase eguna izanda, ikastetxe ezberdinetan jarriko dituzte txistorra postuak. Aratz ikastolak azoka antolatu du, 10:00etan hasita. Taloak, txistorra, edariak, eskulanak… Denetarik egongo da bertan. LHko ikasleek etxeko produktuak salduko dituzte, eta HHkoek palomita postua jarriko dute. Musikaz eta dantzaz lagunduta, ikastola girotuko dute. «Herritarrei bertaratzeko aukera dutela zabaldu nahi diegu», luzatu dute gonbitea. Saski bat ere zozketatuko dute.
Zelabide eta Karabel auzoetan ere, gaur arratsaldez ospatuko dute Santo Tomas. Karabelen, 18:00etan, Belkara auzo elkarteko lokalean prestatuko dituzte jakiak, eta bazkideentzat Gabonetako hamar saski zozketatuko dituzte.
Zelabiden ere, auzo elkartearen lokalean izango da txistorrada gaur, 18:00etatik 21:30etara. Umeentzako puzgarriak egongo dira 16:00etatik 19:00etara.
Bihar, Hernaniko Errugbi Elkartearen postuak hartuko du erreleboa. Aurreko larunbatean bezala, klubeko jokalariek eta kideek prestatuko dituzte pintxoak.
Goiz Eguzkiko kideek ere bihar ospatuko dute Santo Tomas eguna, 10:30etatik aurrera, eta bihar bertan egingo dute txistorra jatea Lizeaga auzoan ere. Gibelaldek antolatu du festa, eta saskiaren zozketa ere egingo dute. Portuko Auzo Elkarteak plan antzekoa prestatu du, baina etzirako.
SANTO TOMAS EGUNEKO OSPAKIZUNA HERNANIN GAUR 10:00-12:00 Aratz ikastolako txistorrada eta azoka. Opor eguneko saskiaren zozketa. 18:00 Belkara auzo elkartean, Karabelen, Santo Tomas eguna eta saskien zozketa. 18:00-21:30 Txistorrada, Zelabideko auzo lokalean. BIHAR 10:30 Txistorra jatea, sorten zozketa eta txapelketetako sarien banaketa, Goiz Eguzkin. 11:00 Hernaniko Errugbi Elkartearen postua, Kaxkoan. 12:00 Txistorrada eta saskiaren zozketa, Lizeagako Auzo Plazan. Gibelaldek antolatuta. ETZI 12:00 Txistorra jatea, Ibarrolaburu plazan. Portuko Auzo Elkarteak antolatuta. |