Sarek euskal presoen alde eguberrietarako antolatu dituen ekimenen berri eman du egunotan. Hernanin, Donostian eta Bilbon izango dira ekimen horiek, aditzera eman duenez. Hasteko, urte luzetako ohiturari jarraituz, abenduaren 24an, kale-buelta egingo dute, 19:30etan Gudarien Plazatik abiatuta.
Abenduaren 28an, larunbatean, beste ekimen bat antolatu dute eguerdiko 12:00etan, Donostian. Bulebarrean hasi eta Easo Plazan amaituko da bigarren mobilizazio hori. Hernaniarrak bertaratzeko deia egin du Sarek.
Eta azkenik, urtarrilaren 11n, presoen aldeko manifestazio nazionala izango da Bilbon. 17:00etan hasiko da manifestazioa La Casilla paretik, behin betiko konponbidea eskatzeko. Behin betiko: Bakea, konponbidea, elkarbizitza da manifestazioaren leloa. Urtero-urtero jendetza biltzen duen deialdia izaten da, eta aurten ere horrela izatea nahi dute antolatzaileek, presoen eskubideen alde.