Kale garbiketan erabiltzen hasi dira Hernaniko bi makina berriak

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 19a, 00:00

Makinetako bat elektrikoa da, eta besteak diesela erabiltzen du. 549.703 euro kosta dira.

Hernaniko Udalak erositako bi makina garbigailu berriak lanean ari dira jadanik, eta kale garbiketan ikusi daitezke. Makinei egin beharreko harrera-ikuskapena eta frogak burututa, eta gidariek hornitzailearen aldetik prestakuntza zehatza jaso ondoren, zerbitzuari ekin zioten aurreko astean zehar, Udalak aditzera eman duenez. Garbitania enpresa publikoak egiten ditu Hernaniko kale garbiketak.

Orain arte erabili diren bi makinek betea zuten euren bizitza erabilgarria, eta hori dela eta egin du Udalak gailu berriak erosteko inbertsioa. Helburua ez da izan bakarrik makinak aldatzea, baizik eta ahalik eta makinarik «jasangarrienak» izatea, eta horregatik da haietako bat elektrikoa. Hori da bietan txikiena, eta bi metro kubiko gordin jaso ditzakeen toberaduna da. «Hautsa gelditzeko ur-lainoztagailuak izango ditu, eta makina martxan dagoenean, potentzia akustikoaren maila bermatua 100dB edo gutxiagokoa izango da», azaldu du Udalak. 319.924 euroko kostua izan du.

Beste makina, bost metro ku­biko gordin jaso ditzakeen toberaduna da. «Diesel motorra dauka, eta indarrean dagoen Euro 6 isurketen maila betetzen du. Hautsa gelditzeko lainoztagailuak ditu honek ere». Eskobatzeko makina martxan dagoenean, potentzia akustikoaren maila bermatua 105 dB edo gutxiagokoa izango da, 2000/14/EE zuzentarauaren arabera. Honen kostua 229.779 eurokoa izan da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!