Duela 14 urte Kronikan

Irrigoenea ez dute botako, eta Papelera del Norte ere ez

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 18a, 08:54

Irrigoenea etxea ez du botako Udalak, eta Leokako ingururako planaren barruan geratuko da.

253 alegazio aurkeztu zaizkio Arau Subsidioarioen Testu Bateratuari, eta horietatik %69 ontzat hartu dira, eta %29 atzera bota dira. Hirigintza Batzordean onartu eta gero, Udal Plenoak eman beharko dio azken onarpena, asteartean.

Irrigoenea etxea ez du bo­tako Udalak, eta Papelera del Nor­te ere ez. Arau Subsidia­rioen Testu Bateratuari 253 alegazio jarri dizkiote herri­ta­rrek, eta horietatik %69 ontzat jo dira, eta %29 baztertu. Hiri­gin­tza Batzordean onartu da azken proposamena, Gobernu Taldea eta Ezker Batuaren aldeko botuekin, eta beste alderdien kon­tra­­koarekin. Orain azken erabakia, Udal Plenoak eman beharko dio, datorren astear­tean, arratsal­deko 18:00etan.

Papelera del Norte, 52 enpresa eta 200 lanpostu

Gobernu Taldeak Hernaniko Kronikara bidali duen prentsa oharrak dioenez, erabaki di­ren puntuen artean ga­rran­tzi­tsuena da Papelera del Norte ez botatzea. «Nahiz eta zo­nalde honetarako Testu Bate­ratuak proposatutako helburu eta antolamendu soluzioa hi­ri­gintza eta gestio mailan guztiz justifikatua izan, pen­tsatu dugu 52 enpresa eta 200 lanpostuen etorkizuna tartean izanda, merezi zuela beste behin aztertzea, helburu na­gu­siari eutsiz eta beste bi ba­tzeko modua eginez, gainera». Tren az­piko pasabidea egin­go dute zona horretan, baina Papelera del Norte bota gabe. Tren azpiko pasabidea egitea zen, hain justu, fabrika za­harra botatzeko arrazoie­tako bat. «Urumeako auto­bi­dea eta Galarretatik Urnietara garamatzan errepideko trafi­koak bideratzeko Hernaniko er­diguneko auzuneengan aha­lik eta gutxien eraginez, eta bide batez, Hernaniko auzoe­tarako sartu irtenak lagunduz. Teknikariek egin diguten an­to­lamendu proposamen be­rriak hau bermatzen du, Uda­lak kostu gehiago bere gain hartuta errepide berria egi­teko, baina eraikina man­ten­duta», dio Gobernu Taldeak.

309 etxebizitza gutxiago

Gobernu Taldeak azpima­rratu duen beste puntu bat da, hasierako Arau Subsi­dia­rioek baino 309 etxebizitza gu­txiago egingo direla Her­nanin; horie­tatik 264, Floridan. «Hori da, beste pausu bat, gehiegizko etxe asmoei muga jartzeko».

«Irrigoenea ez botatzea ontzat jo dugu, baina ondarea zaintzeak gure helburuen artean darrai»

Irrigoenea etxea ez da botako. Gobernu Taldearen ustez, ez­tabaidan zuzenak ez diren gauza asko esan dira, eta be­raiek ez dute jakin gizar­te­ra­tzen Erret Bidearen babesak duen garrantzia. Ondarean gehiegi galdu du Hernanik, Gobernu Taldearen ustez, «ur­teetan agintea izan du­te­nek behar besteko baliorik eman ez diotelako».

«2007ko Arauak txukuntzen lan izugarria»

Testu Bateratu hau egiteak lan haundia eskatu dio Udalari, prentsa oharrak dioenez. «2007ko Berrikuspenak airean gauza gehiegi utzi zituelako. Tajuzko Arau Subsidiarioak izan zitzan Hernanik, gauzak behar baino azkarrago kon­pon­du behar izan ditugu, eta guk nahi baino parte hartze eta kontraste mugatuagoa ekarri du, legeak dioena bete dugun arren».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!