Gabon erronda herrikoia, abenduaren 24an

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 18a, 00:00

Hiru ibilbide antolatu dituzte 10:30etan irtengo direnak, eta 12:00etan elkartuko dira Gudarien plazan.

 

Gabonak ate joka dauzkagu, eta aurten ere, abenduaren 24rako herri mailan Gabon Erronda herrikoia antolatuko dute, goizeko 10:30etatik aurrera. Guztira hiru ibilbidek musikaz eta kantuz beteko dituzte herriko kaleak, eta denek bat egingo dute 12:00etan Gudarien plazan, elkarrekin kantuan kalejirari amaiera emateko.

Aurtengoa ere ilusioz prestatutako ekimena da, beraz, antolatzaileek denontzako berezia den egun horretan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte herritarrak. Era berean, azpimarratu nahi dute, ekimenak arrakasta izan dezan, guztion konpromezua eta laguntza ezinbestekoa dela.

Hiru ibilbideetan izara aterako dute, eta eskean lortzen dena Pausoka Elkartearentzako izango da. Lehenengo ibilbidea Haur Hezkuntzako ikasleekin batera Atsegindegitik abiatuko da. Urbieta kalea, Iturriaga kalea eta Tiloseta zeharkatuko dituzte Plazara iristeko. 

Bigarren ibilbidea, Lehen Hezkuntzako ikasleekin batera, Portuko Ibarrolaburu plazatik aterako da. Oindi kalea, Larramendi kalea, Plaza, Zinkoenea, Kale Nagusia zeharkatuko dituzte, berriz ere Gudarien Plazara iritsi aurretik. 

Hirugarren ibilbidea, Aratz ikastolarekin batera, Txantxillatik irtengo da. Oraso, Elkano kalea, Txirrita eta Izpizua kalea zeharkatuko ditu, Gudarien Plazara iristeko. 

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!