Aitor Lizarazu hernaniarra seigarren, Deka Fitness-eko Munduko Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 18a, 00:00

Pasa den asteburuan hartu du parte Estatu Batuetan eta hernaniarra lehenengo europearra izan da, Munduko 15 onenen artean.

 

Aitor Lizarazu hernaniarra seigarren sailkatu zen, Estatu Batuetako Ocala (Florida) hirian jokatutako, Deka Fitness-eko Munduko Txapelketan. Elite mailan parte hartu zuen eta txapelketa izugarria egin zuen. Seigarren iritsi zen helmugara, eta lehenengo bost postuak estatubatuarren esku izan ziren. 

Lizarazu hernaniarrak lortu zuen top 10ean sartzea, Europako lehen kirolaria izanik. Gainera, bosgarren postutik hamabi segundura geratu zen. Aitorrek, Zaragozan izan zen frogan lortu zuen Munduko Txapelketarako plaza, Europako errekorra gainditu ondoren.

Abenduaren 13tik 15era izan zen txapelketa eta bertan parte hartzeko izaten dute aukera, urtean zehar munduko 15 markarik onenak lortzen dituztenek. Ez da marka makala kontuan izanik Aitor Lizarazu 'amateur' modura aritzen dela kirol honetan. Estatu Batuetan sortutako kirol modalitate honetan, goi mailan aritzen diranak profesionalak dira.

 

Igor Arruti 
urnietarrarekin, bikoteka

Aitor Lizarazurekin batera, Igor Arruti urnietarra ere lehiatu zen. Bi kirolariek partaidetza bikoitza izan zuten egun berean. Banakako lehian aritu ziren lehendabizi, eta sei orduko atsedena eta gero, elkarrekin bikoteka aritu ziren. Lizarazuk, hasiera batean, Ion Gorostidirekin aritu behar zuen, munduko hamargarren denbora lortu ondoren, baina Gorostidik ezin izan zuen bertan egon eta Igor Arruti izan zen Lizarazuren bikotea. Ez ziren gaizki ibili, lehenengo aldiz izan arren elkarrekin. Munduko zortzigarren postua lortu zuten, munduko 15 bikote onenen artean.

Igor Arrutik, bere adin mailan, munduko laugarren postua lortu zuen, eta horrek meritu haundia du, bere gaztetasuna eta lehenengo Munduko Txapelketa izan dela kontuan izanda. 

 

Deka eta Hyrox formulak, 
lasterketa ezagunenak

Lasterketeta hauetan, Deka eta Hyrox dira ezagunenak. Deka Fitness modalitatean, hamar ariketa ezberdin egin behar dira: Indarra, kardioa, saltoak, potentzia... lantzen dira. Ariketa batetik bestera pasatzeko 500 metroko lasterketa egin behar da eta froga lehen lasterketarekin hasten da. Bi modalitateetan trebeak dira Denontzat elkarteko kideak.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!