Atzo eguerdi aldera Lizeaga kalean pasa ziren herritarren begiradak norabide bera zuten, hutsunea nabaria zen. Lizeaga kalean gizalditik gora pasa duen etxea bota zuten goiz partean, XIX. mendean altxa zuten Leokako etxea alegia.
Egoera txarrean
Gaur egun etxearen egoera ez zen batere ona, eta azken jabeek uztailaren erdialdetik zuten etxea botatzeko baimena. Etxea botatzeko arrazoi nagusiak bi izan dira: alde batetik, etxearen egoera zein zen kontuan izanda, gaur egun ezinezkoa zen bertan bizitzea; bestetik, ingurutik pasatzen zirenentzako arriskutsua izan zitekeen. Etorkizunera begira, Udalak Kronikari adierazi dionez, oraingoz ez dago bertan etxebizitza berririk egiteko proiekturik.
Historia haundiko etxea
Leokako etxea XIX. mendekoa da, historia haundiko etxea. Lizeaga familiak egin zuen, oso ezagunak zirenak bai herrian eta baita herritik kanpo ere. Familian ezagunena Ignacio Lizeaga izan zen, kaleari izena eman ziona, hain zuzen. Dakigunez, 1875garren urteko karlista gerran bonba batek zauritu zuen Lizeaga Kapitaina. Haren ondorioz, orduan Humilladero izena zuen kaleari Lizeaga izena jarri zioten.
Larretxeatarrek oso ondo ezagutu zuten Lizeaga familia, eta Kronikari jakinarazi diotenez, Ignacio Lizeagak 3 alaba izan zituen eta horietako bat izan zen Leokako etxean bizitu zena, Lucina Lizeaga Dolhagaray.
Lucina Lizeaga Jose Romero Elice militarrarekin ezkondu zen eta ia kale osoaren jabe ziren. Gaur egun ezagutzen dugun Lizeaga kale osoa beraiena zen; kale hasieratik lehengo Paradoreraino, eta baita gaur egun Zaharren Egoitza eta ikastolak dauden ingurua ere. Lucina Lizeagak eta Jose Romerok urte ugari egin zituzten Leokako etxean; orduan Hernaniko etxerik onenetakoa zenean. Hala ere, 1936garren urtean pareko etxera joan ziren bizitzera, gaur blokezko etxebizitzak dauden horretan Lucinaren ahizpek zeukaten etxera.
Familia askoren etxebizitza
Etxez aldatu zirenean, Leoka etxea alokairuan jarri zuten, eta ordutik gaur egunera asko izan dira bertan bizitutako familiak. Alokatzen lehenengoa herrian oso ezaguna izan zen Carmelo Labaka bikarioa izan zen, Hernaniko eskola profesionala sortu zuena. Carmelo Labakaren ondoren berriz, Leoka etxea lau etxebizitzetan banatu zuten eta bertan bizi izan dira, besteak beste, familia hauek: monterotarrak, mendizabaldarrak, ostolazatarrak eta garciatarrak.
Pareko etxearekin komunikatua, lur azpitik
Leokako etxea eta kalean beste aldeko etxea elkarrekin komunikatuak zeuden, lur azpitik. Pakita Montero ederki gogoratzen da etxe hartaz. Pakitak 78 urte ditu eta ia bizitza osoa bertan eman du, txiki txikitatik orain sei urtera arte. Kronikari adierazi dionez: «Primerako etxea zen. Denetatik zuen, garai hartan etxe gutxik zutena. Etxe barruan labaderoa zuen, eta kanpoan baratza, jardina... eta magnolia eder bat». «Etxea bota behar zutela jakin nuenean izugarrizko tristura eman zidan, oso momentu onak eta pozgarriak bizi izan ditut nik bertan».
Gerrako babesleku
Leoka etxea botatzean, behekaldean hiru arku agertu daitezke, gerra garaian hernaniarrek bonbetatik babesteko erabiliak.