Asko landutako 5 puntu, La Unicaren kontra

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 16a, 00:00

Hernanik 22-5 menderatu zuen talde nafarra, baina gogotik egin behar izan zuen lan, zelai lokaztuan.

Kontrarioa talde apalagoa izanagatik, ez zen partidu erraza izan atzokoa Hernanirentzat, Landaren. Oso lehiakor aritu zen La Unica talde nafarra, eta lokaztutako zelai astunak are gehiago zaildu zuen konpromisoa trikoloreentzat, ohi baino akats gehiago eraginez. Baina lan egitea tokatu zen horretan, gogotik egin zuten lan hernaniarrek, eta garaipena etxean geratzea lortu zuten, 22-5 nagusituta. Gainera, erasoko bonusa ere eskuratu zuten azkenean: asko landutako 5 puntu garrantzitsu.

Azkar hartu zuten aurrea hernaniarrek, Peru Burugainek lortutako entsaioarekin; eta ordu erdia betetzerako egin zuen bigarrena Andoni Larrartek. Nafarrek tartea txikitzea lortu zuten, ordea, atsedenaren aurretik (10-5). Sustoak ekidin eta partidua bideratu nahian, indartsu bueltatu ziren trikoloreak berdegunera (hala deitzerik balego), eta Unax Zuriarrainen eskutik zabaldu zuten tartea berriro (15-5). 10 minuturen faltan lortu zuen entsaio erabakigarria Joseba Diaz de Mendibilek, sari bikoitza zeukana: garaipena ziurtatu eta erasoko bonusa eskuratu.

Atzoko garaipenarekin, gainera, sailkapenean postu bat gora egin du Hernanik, hirugarrenera, Uni Bilbaok Gernikaren kontra galdu zuela baliatuta. Datorren igandean izango du Gernikaren kontrako partidu klabea Hernanik, 12:00etan Urbietan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!