Binakakoaren finalera zuzenean sailkatu dira Endika Barrenetxea eta Beñat Segurola

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 16a, 00:00

Endika Barrenetxea hernaniarra.

Hernaniarrak eta aizarnazabaldarrak erraz menderatu zituzten Josetxo Ezkurra eta Xabier Azpiroz, ligaxkako partidu erabakigarrian.

Semifinaletako koxka gainditu beharrik izan gabe, txapelaren lehian ariko dira Endika Barrenetxea hernaniarra eta Beñat Segurola aizarnazabaldarra, Binakako Txapelketa nagusian. Larunbat arratsaldean nagusitasun haundiz menderatu zituzten Josetxo Ezkurra eta Xabier Azpiroz, partidu erabakigarrian; ligaxkako azkenekoan, hain jux­­tu: 15-4 eta 15-8. Barrenetxea na­­gusi izan zen atzeko koadroetan, eta Segurolak erraztasunez bukatu zituen tantoak: 14 lortu zituen guztira.

Finalerako txartel zuzena zegoen jokoan, ligaxkako bi bikote onenen artean; eta Barrenetxeak eta Segurolak eskuratu zuten hori. Ezkurrak eta Azpirozek, berriz, semifinala jokatu beharko dute datorren larunbatean, Javier Urrizaren eta Iban Larrañagaren kontra, 15:15etan hasita Galarretan. Bere maila onena berreskuratu beharko du­te, finalera sailkatzeko.

Aitor Aiestaran hernaniarra ere finalista, eta goizuetarren arteko lehia semifinalean

Bigarren mailako txapelketan ere argitu zituzten kontuak, azkeneko jardunaldian. Espero bezala, finalerako txartela ziurtatu zuten Aitor Aiestaran hernaniarrak eta Kemen Aldabe lekunberritarrak, azkeneko partidua ere irabazita, Jon Irazuri eta Ibon Zalduari (15-8 eta 15-4). 

Semifinalean, berriz, bi goizuetarrak ariko dira elkarren kontra: Oier Apezetxea, Aimar Jabalera lagun; eta Aritz Zubiri, Julen Loitegirekin batera. Galdu egin zuten Zubirik eta Loitegik, azkeneko partidu horretan, Urtzi Gurrutxagaren eta Ibai Martirenaren kontra (15-8, 11-15 eta 0-8); baina lortutako puntua eta Irazuren eta Zalduaren porrota baliatu zituzten aurrera egiteko.

Datorren larunbatean izango da bigarren mailako semifinala ere. Finalak, abenduaren 28an.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!