Azoka eta bilketa solidarioak izango dira egunotan Hernanin, Gabonen atarian

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 16a, 00:00

Jostailuz bete ohi da Andre Kale 3ko lokala, Amherren azokarekin.

Jostailu azoka jarri du Amherrek Andre Kalen, azoka solidarioa egingo du Urumea ikastolak etzi, eta Martuteneko presoentzat premiazko gauzak biltzen ari da Parrokiartea bihar arte.

Gabonen atarian, bilketa eta azoka solidarioak egingo dituzte Hernanin, zenbait talde eta eragilek antolatuta. Amher elkarteak, esaterako, jostailuen doako azoka jarri du Andre Kaleko 3garrenean, iaz bezala, Hernaniko Errugbi Elkartearen ekimenari esker. Datozen hiru asteburuetan egongo da zabalik (urtarrileko aurrenekoa barne): larunbatetan 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara, eta igandeetan goizez bakarrik.

Helburua da jostailuak berrerabiltzea, eta opariak jaso zein emateko orduan aukera berdintasuna bermatzea. Izan ere, azokan eskuragarri izango dira errugbi elkarteak bildutako zein herritarrek Amherri emandako jostailuak.

Urumea ikastolaren azoka solidarioa, asteazkenean

Azoka solidarioa antolatzen aritu dira Urumea ikastolan ere, azkeneko hilabetean zehar, hirugarren zikloko ikasleen eskutik. Euskerazko liburu eta jostailuak bildu dituzte, eta komunitateko kideen eskura jarriko dituzte asteazken honetan, abenduaren 18an, arratsaldeko 14:30etatik aurrera.

Azokara bertaratzeko gonbi­tea luzatu diete ikasle, guraso eta irakasle guztiei, eta opari ba­na hartu ahal izango du haur bakoitzak, bere txartela eramanda.

Presoentzako bilketa, elizak

Hernaniko Parrokiarteak, bere aldetik, Martuteneko presoentzako bilketa jarri du martxan, ohi bezala. Premiazko gauzak ari dira biltzen haientzat, parrokiko bulegoan (Izpizua kalea 3, behea). Bihar arte izango da laguntzeko aukera, bulegoko ohiko ordutegian.

Beste hainbat jarduera ere aurreratu ditu Pa­rro­kiarteak. Elkarteko Penitentziak, adibidez, honako egunetan izango dira, 19:00etan: bihar Ereñotzun, etzi Floridan, eta ostegunean San Joan Bataiatzailean. Eta ostegunean bertan, zeramikazko esmalteen erakusketa jarriko dute ikusgai parrokian, Sor Maria Cruz Bascones egilearen iruzkinekin, 19:45etatik aurrera. Diru-bilketa ere egingo dute, Hernaniko Caritasek eta Kartzela Pastoraltzak sustatutako Harrera Etxea abian jartzen laguntzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!