Andoni Rekondoren bertso guztiak, Gipuzkoako Txapelketaren finalean

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 15a, 10:15

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren final haundian aritu zen Andoni Rekondo hernaniarra, igande arratsalde-iluntzean, Donostiako Ilunben. Hauxe berak utzitako bertso sorta, oso-osorik.

Andoni Rekondoren hasierako agurra:

Atsaldeon batekin
doa lehen uhina
fin etorriko al zen
zortzion burmuina?
Lehiaren zera honek
jolasa du muina
edukiz ase nahian
gure kantu grina
aprobetxatuz dagon
fantasi lurrina
ea ze kalabazan
sartzen den ipuina.

Andoni Rekondo eta Aner Peritz, neurri librean: Adiskideak zarete eta jubilatuta zaudete. Biloba txikiak dauzkazue. Andonik haiek zaintzen pasatzen du eguna, Anerrek ez.

Andoni:

Bata pareta margotzen eta
hura dindilizka
bat omen dela erdi astronauta
bestea artista
nahiz ta nekatu erdizka
badaukate begibista
lanaren truke ongarria zait
eurek duten txispa.

Aner:

Ba niri txispa kentzen didate
ze eskizofreni
ta ez diet nahi zuk adinako
indarrik eskeini
hainbat ume hainbat premi
zaintzea ez zait komeni
beraien ama zaindu nunean
nazkatu nintzen ni.

Andoni:

Ba nazkatzeko oraindik ere
hain zera gaztea
zuen Markeltxo gainera ziur
ez dela trastea
txutxetik bete astea
gurasoen desgastea
gozagarri zait nere semea
amorraraztea.

Aner:

Nik ya aspaldi ikasi nuen
nire lezioa
ez dut nahi jasan berriz haur txiki
baten tentsioa
txutxetako prezioa
al da zure desioa
ah, gainera hortan gastatzen duzu
nire pentsioa.

Andoni:

Bai bai, horretan, bat gominola
ta besteko lata
pentsioena nahiz ta batzutan
daukagun ataka
negarra eta botaka
joan bagoaz tipi-tapa
gainera erraz lokartzen dittut
bertso bat botata.

Aner:

Ba segi zazu bertso kantuan
hain bada polita
zuk zaindu zazu haien arreta
ta haien errita
gure iloba Monika
ez da hain neska bonita
zuk hartu zazu amodioa
ta nik gintonika.

Andoni:

Sentitzen zera zu Monikaren
menpeko titere
eta gintonik kargatu batek
agian mesede
zu ez bazabiltza trebe
nik laguntzea dut xede
ekarri eta zainduko ditut
zure haurrak ere.

Aner:

Haiek bakarrik zaintzen dira ya
hori da zioa
eta ez diet eskeintzen lehengo
dedikazioa
zuretzako pasioa
arta eta akzioa
lan denetatik hartu nuen nik
jubilazioa.

Andoni Rekondo eta Oihana Iguaran, zortziko txikian: Koadrilakoak zarete. Elkarrekin otordua jatetxe batean egiten duten aldiro, Andonik kexa ugari izaten ditu. Gaur ere, otordua hasi orduko, protestan hasi da. 

Oihana:

Lehenengo kutxarila
zegola zikina
gero musak zeukala
zapore ziztrina
dio dela kritiko
eta moko fina
ez zera exigentea
zu zera mizkina.

Andoni:

Mizkin batek kejatik
hainbeste ekite
kamareroa ere
erdi satelite
nabari zen taberna
ez zela elite
patata bixiek e
hilak dirudite.

Oihana:

Keja originala
gutxinez otua
baño jatera ez zaude
zu derrigortua
gainera arrabotsa
dezunez sortua
beti deskontuakin
heltzen da kontua.

Andoni:

Diru kontutan dena
hobe da motela
zopa eskatu eta
hoi ere epela
arazo duna zu zeu
zera dena dela
ziur pentsua ere
jango zenukela.

Oihana:

Murtxikatzeko egingo
nioke ahalegin
baina gaurko otordua
ez al da atsegin
emaidazu neretzat
hori hustu dedin
bikoitz jaten det eta
bapo parre egin.

Andoni:

Zure barre algarek
badute, bai, sona
ta ni bertako jaki
exkax eta forma
nahiz eta abixatzera
gentozen gu hona
ba jakizue Arzak
ez da horren ona.

Andoni Rekondo, puntu erantzunetan: Kontsumismoa.

Denetik dugu baina
kontsumitzen segi
beti asko delako
ta inoiz gehiegi
kapritxotan iltzatzen
ditugu bi begi
Gabonak datoz eta
hala izan bedi.

Berria ez da beti
hobea izaten
baina gehienak ez du
horixe esaten
pentsatu propagandak
zer lortu dezaken
jada zail dela gure
artekoa jasaten.

Gailu guztiek dute
iraungitze data
norberak dauka bere
bizitza etapa
nahiz ta dirua heldu
ohi zaigun tantaka
ondo irensten degu
jasotako lata.

Andoni Rekondo eta Nerea Elustondo, hamarreko txikian: Irakasleak zarete. Ikasturte hasieran, migrante familia bateko haur bat etorri zen zuen ikastetxera. Gaur jakin duzue Europako beste herrialde batera doala. 

Andoni:

Senegaletik irten
ta gorantza joanda
gogor jarraitu dute
jarritako langa
guk hartu genuela
eurentzako ganga
ta orain badoazela
umilki esanda
euren bidean urrats
gogor bat izan da.

Nerea:

Bai Mahmedik bazuen
behar aina lustre
ta hura hezi nahian
hainbeste ilustre
familiak Donostin
zenbat buruhauste
ta alde egin dute
tamalez nik uste
objetuak bezela
tratatzen dituzte. 

Andoni:

Erreparatu gabe
euren izenean
nik zaintzeko gogoa
nahiz izan senean
Mahmedik tristura bat
zuen barrenean
ta hala gertatzen da
gehien-gehienean
ahazten ditugula
joaten direnean.

Nerea:

Mahmedi bost senide
aita eta ama
behinola nola heldu
ziren guregana
ezin atzera utzi
euren iragana
joan orduko ahaztu
horixe da dana
beti da hankamotza
gure harrera plana.

Andoni:

Nahiz eta gogoeta
ezin den saihestu
euren etorkizuna
Europatik belztu
konponbidea guztiz
ez da gure esku
baina jardun gaitezen
goxo eta prestu
hemen dauden unetan
dezaten amestu.

Nerea:

Ezer ez dunak ez du
zeoze amestuko ba
nahiz eta beti kontra
daukaten denbora
problema konpontzeko
joan behar da gora
arazoa luzatu
ez dadin gerora
migranteekin zerbait
egin beharko da.

Andoni Rekondo, bakarka: Kazetaria zara. 30 urtez jende asko elkarrizketatu duzun arren, gaurko elkarrizketaren ondoren oilo-ipurdia jarri zaizu.

Hitzez jasota elkarbanatu
nahi genuenez jakintza
gure herrian zabaldu nahian
hitzezko eguzki printza
batzuentzako presentea da
hain beltza ta hain bortitza
elkarrizketak hamaika egin
ditut kazetari gisa
ta gaur mudatu zait hitza
Palestinatik etorritako
batzuk Hernanin dabiltza
eta guztia zartatzeko gai
da tokiko kazetaritza.

Lehen kafea atera diet
eta giroa aparta
ia ixildu ere egin da
tabernako zalaparta
Palestinako berri zakarrak
berekin miña dakar ta
orain artean nahiz ta ikusi
herrian mila pankarta
beti bezela zeharka
begiradakin sumatu ditut
laguntzari deiadarka
eta lehen aldiz jarri zaizkit gaur
neri eskuak dardarka.

Nere hunkidura zer da ba hemen
hipokresia, gezurra
nor izan da ba tarte honetan
euren ametsen lapurra
gaur hitz eginda nahiz ta geroa
eurek ez izan ziurra
neri bederen blaitu begiak
eta sikatu zintzurra
hitzek bihotz mintza urra
nahiz eta hitzok ematen duten
benetan diot, beldurra
reportajean emango diet
nik dezakedan apurra.

Andoni Rekondoren bukaerako agurra:

Aupa Alaia ze saio ear
ohituta gauzkazun eran
nik etxekoei lehen muxua
nahiz asko eman bezperan
orain bost urte kontua, txantxa
lehen hegalkada zen Kontrakantxa
gaur txepetxen gisa hegan
talde lanaren emaitza da hau
ta hala hobe aukeran
bide luzea izan da baina
zenbat disfrutatu dedan
APk Gipuzkun egin dun bueltan
edo tripaki bete kaxuelkan
esango dizuet beheran
zenbat maite zaituztedan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!